atorra. iz. 1) Garai bateko alkandora luzea, brusaren antzekoa. 2) Alkandora, bai gizonezkoarena, bai emakumezkoarena. 3) Kamisa, emakumezkoen alkandora modukoa, luzea eta leporik gabekoa.
Gaur egungo alkandora eta aurreagoko brusaren arteko jantziari deitzen zitzaion atorra, eta, orohar, alkandora baino luzeago izan ohi zen. Geroago, alkandoraren baliokide ere erabili izan da atorra hitza, baina beti izan du antigoaleko jantziaren kutsua. Garai batean alkandora edo atorra hutsik jende artean agertzea ez zen izaten ondo hezitakoaren itxura (batez ere meza, feria, edo gizarteko beste zenbait ospakizunetan). Atorrarekin bakarrik ibiltzeari, gaineko jaka edo janzkirik gabe ibiltzeari, deitzen zaio atorra-hutsik / atorra-hutsean / atorra-has ibiltzea, edo, beste era batera esanda, mahuka-hutsik ibiltzea. Norbait urduri dagoenean, ezin kabiturik dabilenean, zerbait esan edo egin beharrean, atorran ezin kabiturik dagoela esaten zaio, kontu izan, ordea, atorran ezin kabituz egon esamoldearen esanahia, zerbait esan nahiz ezinegonean egoteaz gain, oso gizena egotea ere badela: atorran ezin kabituz dago! Inork eskatu gabe besteren kontuetan sartzeko ohitura duenari gomendatzen zaio norbere kontuez arduratzea eta zazpi baratako atorran sartu gabe egotea. Esaera zaharren arabera, atorra hurbilik egonik ere larrua hurbilago dago; esan nahi baita, albokoez arduratu aurretik norberaz arduratzea dela ongi dagoena eta norberari komeni zaiona: 1) Atorra hurbil, larrua hurbilago. 2) Atorra hurre, larrua hurreago. 6) Atorra hurren, larrua hurrenago. Edota guztion joera dela norbera lehendabizi eta besteak ondoren kontuan hartzea: Denek larrua atorra baino hurbilago.Zer diote itxura asko eta eduki gutxi dutenengatik? Txaramatila (kapela) handia eta atorra txantxarduna (zuloduna). Kanta zahar batek honela dio, bestalde:
Atso zaharraren atorra zaharra, bera balu ezer ez
kelarra baino beltzago dago, garbitutzeko alferrez (bis)
txirulin brinkulin, brinkulin txirulin, txirulin brinkulin atsoa,
supazterrean dagoenean, ez dauka mozkorra gaiztoa!
Gure atsoak gau eta egun ez du besterik zer egin
arkakusoak harrapatu 'ta atzealdeak hatz egin (bis)
txirulin brinkulin, brinkulin txirulin, txirulin brinkulin atsoa,
supazterrean dagoenean, ez dauka mozkorra gaiztoa!