Antigoaleko hiztegia

Ailuska

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2017ko abe. 13a, 12:44

'Hermano' zaharretako jolastokian jolastu ohi zen ailuska.

Umeen edo gaztetxoen antigoaleko jolasa

ailuska. adb. Mutikoen halako jolas batean aritu, amonasaltokaren antzekoa.

Oñatiko euskeria. Ezagutu, aztartu, egin liburuan jasota dago definizio hau: Ailuska ibilli. Potruan saltaittera jolas egin, personia makurtuta edo belauniko. Hori baino jolas konplexuagoa zen aurreko mendeko 50-60 urteetan Zarautzen jolasten zena. Mutikoen jolasa zen eta bi talde izan ohi ziren jolaserako. Lehenengo biribil handi bat marrazten zen lurrean, eta biribil horren barruan sartzen zen lehenengo taldea, kunplitzen zuena. Seitik hamarrera izan ohi ziren, eta denen artean (zaintzailea salbu) halako hanka askoko dortoka bat osatzen zuten bi aldetako kideei sorbalda gainetik besoak pasatuz, eta buruak ahalik eta hobekien babestuz elkarren kontra jarrita. Dortoka hori marraztutako biribil horretan nahi zuen eran mugi zitekeen, marratik kanpora irten gabe, ordea. Zaintzaileak lagunduko zituen horretan, eta dena prest zegoenean kanpoan zegoen bigarren multzokoek (kunplitzen ez zutenek) galdetuko zuten: ailus? Erantzuna baiezkoa bazen marraz kanpokoek baimena zuten salto egin eta dortokaren gainean jartzeko. Marra barruko gunea zaintzailearen ardura zen, eta hark norbait harrapatzen bazuen oinak lurrean zituela (ez airean!) multzo osoak galdu zuen eta trukatu egin behar ziren taldeak (kanpokoak barrura, beren zaintzaile berriarekin, eta barrukoak kanpora). Zenbaitetan orekak asko irauten zuen, eta dortokak beste maultzokoak gainean zituela jira eta bira ibiltzen ziren biribilaren barnean, ea norbait erori eta zaintzaileak harrapatzen zuen biribilaren barruko lurretan. Nekearen edo ezintasunaren indarrez dortoka desegiten bazen, dena berriro hasten zen, ailus galdetuz, irauten bazuen zaintzailearen lana zen dortokatik eroritako norbait harrapatzea eta taldeen trukea egitea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide