Nadia Erostarbe "BAT To Paris' bideo sortaren bigarren ataleko protagonista

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2024ko mai. 10a, 17:00

Uztaila amaieran hasiko dira Olinpiar Jokoak eta Bat Basque Team fundazioa haiei begira dago jada. Horren erakusle dira azken egunetan argitaratu dituen ikus-entzunezko laburrak. Jokoetan parte hartuko duten euskal kirolariei egindako elkarrizketak ikusi daitezke bertan, tartean surflari zarauztarrari egindakoa.

Bat Basque Team fundazioa bideo laburrak argitaratzen ari da YouTuben duen kanalean Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten euskal kirolariei egindako elkarrizketak erakusteko. BAT To Paris deitu dute bideo sorta eta hiru argitaratu dituzte dagoeneko. Bada, bigarrena surfari eskaini diote eta Tahitin (Polinesia Frantsesa) jokatuko duten proban lehiatuko diren hiru surflarien hitzak bildu dituzte. Hori bai, Nadia Erostarbe zarauztarra izan da protagonista nagusia, irudi gehienak hari eskaini baitizkiote.

Olinpiar jokoei lotuta, era berea, Erostarbek dagoeneko hasi du prestaketa eta lan horretan Tahitin izan zen joan den hilean, Teahupooko uharria bertatik bertara ezagutzeko Aritz Aranburu herrikidearekin eta proba lehiatuko duen Andy Crier taldekidearekin batera. Horren harira, Erostarbek Bat Basque Teamen bideoan ere aitortu du, garrantzitsua dela ingurua aldez aurretik ezagutzea "oso berezia" delako Teahupooko olatua.

Surflari zarauztarra Olinpiar Jokoen prestaketan buru-belarri dabilen harren, ez ditu alde batera utzi hortik at dituen gainerako konpromisoak. Hala, Australian da egunotan, Sidneyen herenegun abiatu zuten Challenger Series zirkuituko bigarren proba lehiatzeko. Joan den asteburuan amaitu zuten lehenengoa, hain justu, eta meritu handiko bosgarren postua lortu zuen Erostarbek, Australian bertan, final laurdenetaraino iritsita. Sidneyen gaur gauean ekingo dio lehiari final hamaseirenetako kanporaketarekin. Euskal Herriko gaueko 23:15ean uretaratuko lehenengo surflariak eta emakumezkoen bigarren txandan arituko da zarauztarra.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide