EH Bilduk uste du gobernantza ereduari buruzko hausnarketa beharrezkoa dela Zarautzen, gizarte feminista baten alde egiteko

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2024ko mar. 11a, 10:10

Gobernantza feminista eta zaintza sistema publiko-komunitarioaren bidean, ardurak komunitatean eta  elkarrekin hartzea posible dela dio udal taldeak.

Zarauzko EH Bilduk Martxoaren 8rako argitaratutako udal adierazpenarekin bat egin zuen arren, taldeak beste proposamen bat helarazi zuen udalean.

Martxoaren 8an Zarauzko EH Bilduren udal taldeak bat egin zuen historian zehar eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko zorra aitortzeko Eudelek proposatzen zuen idatziarekin. Talde soberanistak beste proposamen bat lehenesten zuen arren, Emakumeen Nazioarteko Eguna udal taldeen arteko konfrontaziorako eguna ez dela sinisten duenez,  udaleko beste bi taldeek osatzen duten gehiengoarekin bat egitea erabaki zuen.

EH Bilduk, hala ere, urte honetako Martxoaren 8ko adierazpena beste gai bati buruzkoa izatea proposatu zuen udalean.  Proposamen hori, besteak beste, Zarauzko Emakumeen* Etxea eta Parekidetasun Kontseiluaren funtzionamenduan oinarritu zuen. Koalizioak Euskal Herri mailan egin dituen gobernantza feministaren aldeko aldarrikapenak Zarautzek dituen beharrekin guztiz bat datozela eta Zarautzen gobernantza eredua aldatzea behar beharrezkoa dela esan zuen EH Bilduren udal taldeak.

Gobernantza feminista erdigunera ekarri behar dela eta esan eta egiten direnez gain, horiek  nola egiten diren oso garrantzitsua dela iruditzen zaio EH Bilduri, eta “nola” hori komunitatean eta  elkarrekin ardurak hartuz izan behar duela ulertzen du.

Zarautzen ardura horiei buruz hitz egiteko momentua dela uste du EH Bilduren taldeak. Gobernantza feminista eta zaintza sistema publiko-komunitarioaren bidean, gaia mahai gainean jarri eta honi buruzko hausnarketari denbora eskaintzea behar beharrezko ikusten duela esan du.

Garrantzia eman behar diogu publiko eta komunitarioaren arteko harremanei, elkarrekin sortzen diren bidegurutze berri eta ardura partekatuei. Gure herriak dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatzeko beharra du, Udalak herritar, eragile eta mugimendu feministarengandik proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz. Zarauzko mugimendu feminista, adibidez, erreferentziazkoa izan da urte askotan (Sorginak, Bilgune Feminista, Morroxkak…) eta gaur egungo udal gobernuak horri bizkarra emanda egiten du lan. Hori guretzat ulergaitza eta ezinezkoa da”, dio Itziar Murua bozeramaileak.

Horregatik guztiagatik, honakoa proposatu zuen Zarauzko EH Bilduk:

  • Berdintasun Kontseilua indartzea, gobernantza eredu parte hartzaile eta demokratiko bat garatzeko asmoz. 
  • Mugimendu Feministarekin batera Herri Akordioarekin bat egin eta landutako puntuak espazio partekatuetan aurrera eramatea, Zaintza mahaietan besteak beste.
  • Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea. 
  • Euskal Herriko Mugimendu Feministak herrian bultzatzen duen dinamikarekin bat egitea eta Martxoaren 8ko deialdiak babestea, herritarrei bertaratzekodeia eginez.
  • Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide