Zarauzko EH Bilduko udal taldeak ezezko botoa eman die Udal Gobernuak 2024rako aurkeztutako aurrekontuei, zarauztar guztion bizi kalitatea hobetzeko helburuz egindako proposamen garrantzitsu ugari kanpoan utzi dituztelako. Itziar Murua bozeramaileak azaldu duenez, Udal Gobernuak uko egin dio elkarlanari, eta elkarrizketaren bitartez aurrekontu proiektua adosteko inolako aukerarik ez dio eman EH Bilduko udal taldeari.
Ondorioz, EH Bilduren ikuspegitik zarauztarren bizi kalitatea hobetzeko balioko luketen hainbat proposamen garrantzitsu diru partidarik gabe gelditu dira. EH Bilduk aurrekontuetan sartzea proposatu baina Udal Gobernuak kanpoan utzi dituen egitasmoen artean daude, besteak beste, trenbidea lurperatzearen aldeko lana; gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak eta Alokabideren bidez etxea alokatzen dutenentzako diru-laguntzak; herriko kaleak oinezkotzen jarraitzea eta bidegorriak indartzea; eta kultur mahaia eta kirol mahaia eratzea.
Besteak beste Zarauzko Hitza argitaratzen duen Urola Komunikazio Taldeari laguntzeko partida igotzeko proposamena ere ez du onartu Udal Gobernuak. Merkataritza txikia bultzatze aldera negozio berria irekitzen duenari alokairurako diru-laguntzak emateko proposamena ere ez dute aintzat hartu. Etorkizunari begira Hegoalden lurrak erosteko diru partidarako proposamena ere ez. Zarauzko udaltzaingoaren egoera konpontzeko Udalaren OPE/lan poltsa bat egiteko partidari ere ezezkoa eman dio Udal Gobernuak. Eta disuasio aparkalekuentzako partida bat jartzera ere ez du onartu.
San Pelaio eta amabirjinetako festen aurrekontuen arteko diferentzia handiegia dela eta San Pelaio festetarako aurrekontua eta auzoetako jaietarako diru-laguntzak handitzeko proposamena egin du EH Bilduk, baina ezezkoa esan bakarrik ez, tartea handitu egin dutela esan du Muruak, San Pelaiotarako 70.000 euroko partida mantendu eta amabirjinetakoa 250.000ra igoz. Honenbestez, Udal gobernuak bultzatzen duen herri eta festa ereduarekin oso kritiko azaldu da.
“Iraingarria izan da”
Aurrekontuak bideratzeko moduaz ere kritika gogorrak egin ditu EH Bilduk, elkarlanerako eta negoziaziorako aukerari ateak itxi dizkiolako Udal Gobernuak. “Iraingarria izan da benetan”, adierazi du Itziar Murua bozeramaileak. “Oposizioko talde bakarra gara eta 9 zinegotzi ditugu. Ez da onargarria 52 milioiko aurrekontu batzuen inguruan izan dugun hartu-emana. Formak ere ez dituzte bete gurekin”.
EH Bilduko udal taldeak urriaren bukaeran aurrekontuei buruzko bilera eskatu zion Ekonomia zinegotziari eta, eskaerarekin batera, EH Bilduren proposamenen zerrenda aurreratu zion. Bilera azaroaren 13an egin zuten, eta han aurkeztutako aurrekontu proiektua batzordean handik bi egunera bozkatuko zela jakinarazi zitzaion oposizioko udal taldeari. Muruaren hitzetan, bilerara bozketa baino bi egun lehenago deitzeak “garbi utzi zuen elkarlanerako edo gutxieneko negoziaziorako borondaterik ez zutela”. Aurreko urteetan ere elkarlanerako “gogo gutxi” sumatu zuen EH Bilduk, baina “aurtengoa gehiegizkoa izan da”.
Bi eguneko epean elkarlanerako denborarik ez zegoela adierazi zuen EH Bilduk bileran, eta Ekonomia zinegotziak erantzun zien ez zegoela beharrik, EH Bilduk egindako proposamenen %80 jasoak omen zeudelako. EH Bilduren arabera, ordea, egindako proposamenen %22,5 baino ez dituzte bere horretan jaso.
“Aurrekontuak ondo aztertu behar dira”, azaldu du Zarauzko EH Bilduko bozeramaileak. “52 milioi euroz hitz egiten ari gara. Seriotasunez jokatzeko moduko kopurua da. Seriotasun horrek denbora bat eskatzen du, eta guri gutxieneko denbora hori ez zaigu eman. Errespetu falta izugarria iruditzen zaigu”.
Udal aurrekontuen gainean herritarrekin egindako elkarrizketa prozesuari buruzko kritika ere egin du EH Bilduk, herritarren benetako parte hartzerik ez delakoan izan. Udal Gobernuak prentsan adierazi zuen herritarren 150 ekarpen jaso zirela bilera horietan, baina EH Bilduk argitu du “ekarpen” horien artean gehienak galderak eta zalantzak besterik ez zirela izan.
“Ongi dago herritarrek alkatea eta udal gobernuko kideekin elkartzeko aukera izatea eta nahi dituzten iruzkin, ekarpen edo kexak egitea”, azaldu du Muruak. “Baina horrek ez du esan nahi aurrekontuetan parte-hartzeko aukerarik izan dutenik. Benetako parte-hartzea izateko prozesuak ezinbesteko osagai batzuk behar ditu: besteak beste, informazioa ematea, proposamenen bideragarritasun teknikoaz hitz egin eta leheneste ariketak egitea eta, noski, erabakietan ondorioak izatea. Eta hori ez da bilera horietan gertatzen dena, ez eta gutxiagorik ere”.