"Herritar guztien bizi-kalitateari eragiten dioten kontuek adostasun zabala behar dute"

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2022ko aza. 2a, 13:45

Ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduek bide publikoa erabiltzeari eta okupatzeari buruzko udal ordenantza ez zuen bozketara eraman EAJk azken udal osoko bilkuran, inoren babesik gabe eta bakarrik geratu zelako. Udal Gobernua ere zatituta agertu zen. EH Bildurentzat, alkatearen eta EAJren gobernatzeko moduaren erakusle da ordenantza berriarekin gertatutakoa. Gaiak herritar guztien aisialdian eta atsedenean duen garrantziagatik eta eraginagatik, ordea, kontu hau erealderdien artean lantzeko eta adosteko beharra ezinbestekoa da EH Bildurentzat. Beraz, adostasun zabalerako eskua luzatuta duela nabarmendu du, herria beste modu batera gobernatzeko ordua dela adieraziz.

 

Pasa den urriaren 27an izan zen urriko udal osoko bilkura, eta Udal Gobernua zatituta eta adostasunik gabe agertu zen. EAJ, zehazki, bakarrik geratu zen bi bozketatan. Batetik, onkologikoaren inguruko mozioan. EAJk aurka bozkatu arren, beste alderdi guztiek babestu zuten, eta mozioa onartu zuen udalbatzak.

Alderantziz gertatu zen ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduek bide publikoa erabiltzeari eta okupatzeari buruzko udal ordenantzarekin. EAJk, ohi bezala, gainerakoekin adostu eta landu gabe eraman zuen gaia udal osoko bilkurara, eta oraingoan ez zuen Udal Gobernukideen babesik ere jaso. Ondorioz, zarauztarron eguneroko bizitzari eta herritar guztien bizi-kalitateari zuzenean eragiten dion ordenantza onartu gabe geratu zen. Babesik ez zuelako, atzera egin zuen alkateak, ez zuen bozketara eraman, eta agerian geratu zen EAJren ahultasuna.

EH Bildurentzat, alkatearen eta EAJren jokatzeko moduaren beste erakusle bat gehiago da osteguneko udal osoko bilkuran gertatutakoa: "Geltoki zaharra eraistea, Mitxelena kaleko bizilagunak haserretu dituen trenbidea bikoizteko lanak, Nafarroa kalean zuhaitzak botatzeko erabakia, mugikortasun plana eta beste hainbat eta hainbat kontu bezala, hau ere gainerakoak kontuan hartu gabe bideratu nahi izan du alkateak".

EH Bilduk nabarmendu duenez, "ostalaritzako eta merkataritzako udal ordenantzarekin gertatutakoa ez da kasualitatea. Azken hilabeteotan esan eta esan ari gara gauzak beste modu batera egin daitezkeela. Gauzak beste modu batera egin behar direla. Ezin da guztien gainetik pasatu gainerako alderdiak eta ordezkariak kontuan hartu gabe, nahi dena soilik egin ahal izateko. Nahikoa da. Gobernatzeko modu honi amaiera eman behar dio EAJk eta, batez ere, Xabier Txurruka alkateak".


Adostasun zabalaren beharra

EH Bildurentzat, larria da gobernatzeko modu hori, "horrela ezin delako gidatu denona den udala". Baina larria ez ezik, arduragabea ere badela salatu du EH Bilduk. Izan ere, "ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduek bide publikoa erabiltzeari eta okupatzeari buruzko udal ordenantzak herritar guztien bizi-kalitatean eragin zuzena du, denon aisialdirako eta atsedenerako eskubidea uztartzea ezinbestekoa duelako eta, beraz, ezin da edozein modutara egin. Herritar guztien bizi-kalitateari eragiten dioten kontuek adostasun zabala behar dute, ezinbestean, eta hori oso urrun dago EAJren eta Udal Gobernu honen gobernatzeko modutik".

Horregatik, Udal Gobernuari gai honetan ere lehenbailehen jarrera aldatzeko ordua heldu zaiola adierazi du EH Bilduk, eta adostasun zabalera heltzeko lanean jarraitzeko prest agertu da: "Ohi bezala, EH Bilduk eskua zabalik du kontsentsu edo adostasun zabaletarako, eta zer esanik ez gai honetan. Denon artean, alderdiekin, herriko eragileekin, bizilagunekin eta ostalaritzako eta merkataritzako ordezkariekin landu behar da ordenantza, eta batzuen eta besteen iritziak, eskaerak eta proposamenak aintzat hartuta adostu behar da ordenantza berria, denon aisialdia eta atsedena baitago jokoan, eta baita Zarautzen ekonomiaren zati garrantzitsua den zerbitzu sektorearen etorkizuna ere".

EH Bildurentzat "ez da erraza herritarren atsedenerako eskubidea, ostalarien lana eta jendearen aisiaren arteko oreka lortzea, batzuek eta besteek nahi dutena askotan kontrajarri egiten direlako. Baina horrela izanda ere, Udalaren zeregina da horra hurbiltzen saiatzea". Horregatik, gaiari lehenbailehen, arduraz eta seriotasunez heltzeko deia egin dio Udal Gobernuari eta bereziki EAJri.

 

Landu gabeko ordenantzari, ezezkoa

Azkenik, Udal Gobernuak gaia gainerako alderdiekin behar bezala landu gabe edukitzeaz gain, beste hainbat hutsune ere sumatu ditu EH Bilduk ordenantza honetan, eta horregatik ordenantzaren aurka bozkatzeko asmoa zuen udal osoko bilkuran.

EH Bilduk, honakoak aipatu ditu zuzendu beharrekoen artean:

· Ordenantza berriak Barren Plazari eta Patxiku kaleari izaera berezia ematen die eta izaera berezi horregatik Barren Plazako terrazen ordutegia Zarauzko beste guneetan baino gehiago murriztea proposatzen da.

· Ordenantza bat, ordea, ez da urte beterako onartzen den zerbait, eta horregatik gune zehatzak aipatzea ez da egokiena. Hobe da eremu bakoitzari izaera berezia aitortuko lioketen ezaugarriak zehaztea, horietan neurri zuzentzaileak hartu eta ordutegiak egokitzeko.

· Modu horretan ez zaio aitortzen berezitasunik leku zehatzei, eta egoera jakinen aurrean nola jokatu behar den arautzen da, herri osorako.

· Izan ere, Zarautzen, Barren Plazaz eta Patxiku kaleaz gain, zarata arazo handiak daude beste hainbat eremutan, eta arazoa aldakorra izango da, guneak eta modak denborarekin aldatu egiten baitira. Ordenantza batek ez lioke unean uneko egoerari eta arazoei soilik erantzun behar. Etorkizunean sor daitezkeen egoerak ere aurreikusi beharko lituzke.

· EH Bilduk proposatu zuen moduan, egokia da Udal Lege berrian eta hori garatzeko dekretuan oinarrituta hizkuntza baldintzak izatea ordenantzak, eta ostalariek eta merkatariek bide publikoa erabiltzeko baimena jasotzen badute, kontsumitzaileentzat eta erabiltzaileentzat informazioa euskaraz idazteko betebeharra izatea. Ordenantzan jartzearekin, ordea, ez da nahikoa. Eragileekin landu behar da kontu hau ere, merkatarien eta ostalarien elkarteekin eta eta zerbitzu sektoreko profesionalekin, kontzientziatuz eta arrazoiak zein diren ondo azalduz. Udal Gobernuak gai honi dagokionez ez du horrelakorik egin, eta ezinbestekoa da ordenantza onartu aurretik.

 

Hau guztiagatik, ordenantza berriak bere horretan epe motzera arazo ugari sor ditzake, EH Bilduren iritziz. Beraz, askoz hobeto landu, alderdiekin eta eragileekin ondo adostu, eta proposamena berriro udal osoko bilkurara eramatea dagokio Udal Gobernuari. Beste jarrera batekin, eta adostasun zabaletara heltzeko beste gaitasun batekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide