Zarauzko EH Bilduk herriko kultur ondarea babestearen garrantziaz ohartarazi du, Zarauzko EAJk Ebro etxea Ondare Historiko eta Arkitektonikoaren katalogotik atera nahi duela eta. Izan ere, Ebro etxeari katalogoan egoteak ematen dion lege babesa kentzeko lehen pausoa eman zuen atzo Zarauzko Udaleko osoko bilkurak, EAJren aldeko botoekin. PSE-EE abstenitu egin zen, Udal Gobernuko kide den arren, eta EH Bilduk eta Podemos-ek katalogoan mantentzearen alde bozkatu zuten.
EH Bilduren ustez, partzela horretan edozein eraikin egiteko eskuak libre eduki ahal izateko hartu dute erabaki hau. Hain zuzen ere, EH Bilduko ordezkariek zegokion batzordean proposamen honen helburuaz galdetzerakoan, Xabier Txurruka alkateak horixe erantzun zuen: “eskuak lotuta ez edukitzeko”.
Ebro Etxea, Zarauzko Ondare Historiko eta Arkitektonikoaren katalogoan dagoenez, lehenengo kategoriako toki intereseko ondasun higiezin gisa izendatua dago. Horren arabera, balio bereziko ezaugarri arkitektonikoak dituzten edota hiriaren garapenaren garai jakin bateko irudia osatzen duten Zarauzko ondasun higiezinetan sartzen da. Babes-maila honetan sartutako eraikinetan, leheneratze kontserbadorea izeneko esku-hartzeak egin daitezke; alegia, ezin da eraikina bota eta berri bat egin. Atzoko osoko bilkuran, beraz, eraikinak zuen babesa kendu eta EAJk partzela horretan edozein eraikin egiteko eskuak libre uzteko lehen pausoa eman zuen.
Zarauzko EH Bildu erabaki horren kontra azaldu zen udalbatzan. EH Bilduren iritziz, nahikoa sarraski egin izan da Zarautzen beste garai batzuetan, ondarearen inguruko kontzientzia eta lege-babesik ez zegoenean. Honela azaldu zuen Itziar Muruak: “Orain guri dagokigu, beste erakundeekin batera, gure herriko kultur ondare material eta inmateriala zaintzea eta babestea. Eraikin hori Zarauztik desagertuko balitz, bertako arkitektura-ehuna murriztu egingo litzateke”.
Zarauzko Udal Arkitektoak bere txostenean adierazi duen bezala, arkitektonikoki lehenengo mailako elementua ez bada ere, badago nahikoa arrazoi katalogoan mantentzeko. Ebro Etxea 1940. urtean eraiki zuten eta garaiko arkitekturaren adierazgarri da. EH Bilduko bozeramaileak esan zuenez, “garai horretako oso eraikin gutxi dago zutik Zarautzen, eta hori bera nahikoa arrazoi bada kontserbatzeko. Gainera, bere balio historikoari erreparatuta, Zarauzko Turismo motaren aldaketa baten adierazgarri ere bada Ebro Etxea. Aristokraziaren turismoa zegoen herri batetik, burgesiaren turismora pasatu zen, mota guztietako jendearen turismo herri ere izatera iritsiz. Ebro Etxea langileen haurrak udalekuetara etortzeko eraiki eta erabili zen, eta horrek Zarauzko historian aldaketa handia suposatu zuen”.
Kanpoko arkitekto baten txostena
Zarauzko Udalak kanpo arkitekto bati eskatu dio eraikinaren txostena egiteko, eta hori izan da katalogotik ateratzeko proposamena egin duena, Zarauzko Udal arkitektoaren txostenaren iritziaren kontra. Zarauzko EH Bilduk udal arkitektoaren txostenarekin bat egin du, eta gainera, beste ikuspuntu batzuetatik egindako azterketaren bat faltan bota du; balio historikoaren aldetik, esaterako.
“Hainbat arrazoiengatik garbi daukagu katalogotik ateratzeko proposamenarekin ez dugula bat egiten. Horregatik kontra bozkatu dugu”, esan du Muruak.