Pasa den asteartean egindako ohiko udalbatzarrean onartu zituzten EAJk eta PSE-EEk 2020ko aurrekontuak. EH Bilduk eta Podemos-Equo-Berdeak-ek ez zituzten babestu. Izan ere, 2019ko aurrekontuetan konpromiso batzuen gaineko adostasun batetara iritsi zen EH Bildu udal gobernuarekin, baina konpromiso horietako askok bete gabe jarraitzen dutela gogorarazi zien Itziar Murua bozeramaileak. Kasu askotan konpromiso horiek ez betetzearen arrazoia interes falta izan dela gaineratu zuen, “horrek akordioa seriotasunez ez dela hartu esan nahi duela iruditzen zaigu, gureganako eta herritarrekiko errespetu falta adieraziz”.
Besteak beste, 2019rako konpromisoetatik bete gabe daude oraindik kultur mahaiaren sorrera, pentsiodunen egoeraren azterketa, pentsiodunen dirulaguntzen kanpaina, gazteen emantzipaziorako proiektuen bekak, alokairuaren bultzatzeko ekintzak eta udaleko langileen bitartekotasunari aurre egiteko plangintza.
Muruak nabarmendu zuen aurrekontu horien lanketarako modu eta epeak ere desegokiak izan direla, “Errege egunaren ondoren jaso genuen aurrekontuen proposamen definitiboa eta horrek argi adierazten du elkarlanerako borondate falta”, esan zuen.
Hala ere, EH Bilduk hainbat zuzenketa proposatu zizkien Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuei eta EAJk eta PSE-EEk guztiei kontrako boza eman zien. Podemos-Equo.Berdeak-ek, berriz, alde bozkatu zien lautik hiruri.
Hauek izan ziren proposatutako aldaketak:
-
Atletismoko entrenamenduak egiteko pista egiteko eta bolo konpetizio ofizialak egin ahal izateko bolatokia egokitzeko partida bat jartzea.
-
Hegoalden Udalak lur erosketak egiteko partida bat sartzea, Salberdineko lanak bukatzen direnean etxebizitza eta ekipamendu garapena egin ahal izateko.
-
Kultur eta Kirol mahaiak abian jartzea, pentsiodunen beharren diagnosi bat eta beraien diru laguntzen kanpaina bat egitea, gazteen emantzipaziorako beka bat irekitzea eta emakumeen etxerako autogestio diru-laguntza batetarako partidak gehitzea.
-
Herriko ostalaritzaren sustapenerako ekitaldientzako partida bat sortu eta herriko eta auzoetako festen partidak igotzea. (Parrilla txapelketarako partida askoz ere handiagoa da San Pelaio jaietarakoa baino).
Aldaketa eskaera horietaz gain, aurrekontuetan plan estrategikoarentzat udal korporazioaren atalean aurkeztu zuten 120.000 euroko partidak kezka sortzen diela azaldu zuen Muruak. “Ez dakigu zein motatako plan estrategikoa den aurreikusten dena, zein ikuspuntutatik egingo den”.
Bestalde, aurrekontuak ez du jasotzen Zarauzko Herri Antolamendu Plan Orokorra (ZHAPO)aren berritzea. “Zarauzko hiri antolamenduan aldaketa partzial asko ematen ari dira azken urteotan plangintza orokor bat gabe, gehiegi”.