Ruta Bolaño

Erabiltzailearen aurpegia Bertol Arrieta 2015ko ira. 17a, 10:43

Ruta Bolaño delakoari segika topatu nuen hain ezkutuan zegoen jatetxe txiki eta apaina, kale ziztrin eta estu hartan, hain estua, non mahaien lerro bakar bat soilik kabitzen baitzen, pasatzeko lekua ere justua utzita. Baina itzala kategorikoa zuen, etxeek egindakoa, lodi-lodia, ez toldo edo sonbrillek sortutako artifizial eta mehar hori (eskertzekoa izaten da halako babesa, batez ere abuztuan, eta batez ere Blanesen gisako herri mediterranear batean bazaude), eta hara eraman nituen bikotea eta semea, goiz osoa idazle txiletarraren peskizan jardun ondoren.

- Probetxuzko zerbait egin duzu, behintzat -esan zidan emazteak, leku hartan planto egin genuenean. Gustatu zitzaion, antza, eta eskerrak, zeren, lau ordu luze semea berarekin hondartzan utzi ondoren, nola edo hala ordaindu beharko nuen nire bohemiotasun gutxi-asko antzeztu haren prezioa.

Garagardotxo bat eskatu genuen bazkari zain, ederki geunden gure paradisu estuan: semea jolasean bere hegazkintxoarekin, bikote gazte bat soilik atzeko mahaian xuxurla lasaian, eta munduko zerbitzaririk jatorrena —ez da ironia— gure kapritxoen menera. Zorteko ginen.

Kontatu nizkion emazteari goizeko abenturak, nola egona nintzen, kazetari trazak eginez, Bolañok egunkaria erosten zuen paper-dendan, liburuak eskuratzen zituen liburu-dendan, gibeleko gaixotasun hark zulora eraman zuen arte botikak erosten zituen farmazian, estudioa izan zuen Loro kalean, han hor eta hemen, Los detectives salvajes edo 2666 liburuen egilea zen idazle txiletar mirestuaren pistari jarraika, haren berri bati eta besteari galdetuz artikulu bat egin beharraren aitzakia merkean, idazlearen nortasuneko edo bizitzako edozein xehetasun txiki —anekdota txoro— lortuko nuen esperantzari atxikita.

Ez nuen gauza handirik erdietsi, baina gutxien espero duzunean gertatzen dira mirariak. Komunetik bueltan jabetu nintzen egun hark ekarriko zidan sorpresaz:

- Lautaro da -murmurikatu nion emazteari, ruta Bolaño delakoaren eskuorriaren azalean agertzen zen idazle txiletarraren aurpegia erakutsiz eta buruko mugimendu nimiño batekin atzeko mahaia seinalatuz. - Bolañoren semea!

- Nor?

Roberto Bolañok bazeukala seme bat eta Lautaro (bai, Lautaro!!!) izena zuela azaldu behar izan nion. Gero jakin dut espainiarren aurka gerran jardundako buruzagi Maputxe baten izena dela.

- Bai zera! -hasi zen barrez.

- Baietz ba! Ziur nago! Begiratu ondo! Aitaren iguala da eta!

Disimulu handirik gabeko begiratua eman zion:

- Badu tankera bat...

- Ikusten!

- Baina...

- Seguru nago!

Argudioak eman nizkion, nire ustea baieztatzeko: batetik, argazkiko Bolaño eta atzean geneukan gaztea, 20 urteko pertsona zenbat maizten duten kontuan izanda, berdin-berdinak ziren; bestetik, Bolañoren semeak adin hori izango zuen gutxi gorabehera; eta hori gutxi balitz, bere haurtzaroan eta nerabezaroan bezala, Blanesen bizitzea zen probableena.

Bera zen, ziur nengoen, eta ezin nuen besoak antxumatuta geratu. Beharrik, egun horietan Simone de Beauvoir irakurtzen ari nintzen, eta oso presente neukan Les Mandarins liburuko pertsonaia batek esaten zuena, alegia, koldarkeria hutsagatik egin gabe geratzen diren ekintza horiek edo esan gabe geratzen diren hitz horiek osatzen dutela faltarik larriena; «pecado por omision» zioen liburuaren gaztelaniazko itzulpenak.

- Galdetu egingo diozu? -igarri zuen emazteak, nire burutaziotan galduta nenbilela ikusirik.

Irribarre urduri bat itzuri zitzaidan ezpain artetik. - Ba itxaron ni komunera joan arte! -esan zidan, baina ustezko Bolañoren semea zenaren bikotea izan zen altxatu zena, mutil gaztea mahaian bakarrik utzita.

Huraxe zen momentua. Orduan edo inoiz ez. Aulkia atzeratu, eta emaztearen irribarre urduria lagun, zutik jarrita, atzeko mahaira zuzendu nintzen:

- Barkatu atrebentzia, baina zu ez zara, ba, Roberto Bolaño idazlearen semea izango? -galdetu nion, zart, beisboleko makilarekin pilota nola.

- Nor?

- Roberto Bolaño.

- A! Ez, ez... Ez dut ezagutzen -erantzun zidan.

- Barkatu, e. Blanesen bizi izandu zen, eta izugarrizko antza hartu dizut...

Azalpen alferrikakoetan galdu nintzen, nire mahaira bueltatu aurretik. Auzolotsa baino areago, katxondeoa zeukan emazteak, baina zer egingo zaio, halakoak dira bohemiotasun merkearen ordainak... «Adios» esanda alde egin zuen bikote gazteak, barre txikiak tarteko. Artean, apur bat lotsatuta nengoen munduko zerbitzari jatorrena bueltatu zenean, baina agudo joan zitzaizkidan kezkak. Izan ere, zerbitzariak postrerako «deabruaren bizkotxo» (sic) ezin ukatuzkoa eskaintzen zigularik, argi izpi batek supituan nire buruhezurraren baitako ibilbidea egin eta agerkunde mistiko baten legez ikusi nuen ikusi, eta ulertu nuen ulertu, Lautaro demonio hura, Lautaro Bolaño malapartatu hura, ez zela gezurti nazkagarri bat besterik. Madarikatua!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide