Zein ote okerrago

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Aldalur 2020ko aza. 19a, 10:16

Gehien kexatzen dena ez da askotan okerren dagoena.

Istripua adibide grafikoa da; bistan dago kexatzen ez dena, ondo dagoen seinalerik ematen ez badu behintzat, ikara handiena sortzen diguna izaten dela. Eguneroko bizitzan ere badira gutxiagotik gehiago kexatzen direnak eta gehiagotik gutxiago. Edota edozein huskeriagatik beti kexaka dabiltzanak. Halere, pertsonaren mina neurtezina da, batetik; eta jasateko, sentitzeko eta kudeatzeko era oso pertsonala, bestetik. Ea nor ausartzen den epaitzera zein zein baino okerrago dagoen, bere bizikizun, buru eta sentimenduetan egon
gabe.

Badira ai! esan gabe mundutik pasatzen direnak; askotan ez dituzu ezagutu, edo gehiago eskatu diezu superbotereak izango bailituen edo gizakiak izango ez bailiran. Azkenean hausnarketa bidea sortzen dizute. Banakako ikuspegitik aterata, berriz, badira nabarmen okerrago dauden kolektiboak. Ez dakit kexatzen diren, ezta kexatzen uzten diegun ere, baina, bestaldera begiratuta ere, kontzientziak erakusten digu okerrago daudela. Uste dut ez genukeela laguntzeko ai! esan zain egon behar; alabaina, zoritxarrez, egon egoten gara. Eta arrazoi edota aitzakia moduan, geu kexatzen gara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide