Adjektiboak

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Aldalur 2020ko mai. 25a, 09:41

Udaberria gai errepikatua izan da haurtzaroko hainbat eta hainbat idazlanetan. Gaia aipatu orduko natura loratzen eta hiztegia joritzen hasten zaizkigu.

A zer nolako plazera den adjektiboz jostea irudikatzen edo ikusten ari garen hori; lehendabizi, geure baitarako eta ondoren, besteek guk dakusagun hori bera irudika dezaketen itxaropenerako. Lortu dugula pentsatzeak ematen duen plazera handia bezain ezinezkoa da. Hain da pertsonala irudiztatze hori!

Natura eta gauzak adjektiboz hornitzea arin xamarra da; ez dugu gehiegi jokatzen. Pertsonak janztea, berriz, ez hainbeste; era positiboan ari bazara, asmatuta ere, motz gera zaitezke, adjektiboak falta bailiran. Era negatiboan ari zarenean, berriz, kaltea itzala izan daiteke.

Bai batean, bai bestean, adjektiboek gizakia etiketatzeko ahalmena dute eta etiketa horiek norbait goraipatzeko erabili arren, pertsonaren izaera murriztu egiten dute. Halere, nola goraipa edo gutxiets dezakazu norbait, adjektiborik gabe? Hiru bat adjektibo erabiltzea nahikoa da persona horren zirriborroa egiteko; hainbesteren artean, gehien zehazten dutenak aukeratzeko ariketa zorrotza egin behar delako. Prezioari balioari baino puntu gehiago ematen zaion gizarte honetan, ordea, ez diezaiogun izenari izana kendu, hornidurak itsututa. Adjektiboak substantiboari eransteko jaioak dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide