Maitasunez gogoratzen dut txikitako atari-bizimodua. Bata josten, bestea puntuarekin, elkarri babesa eta konpainia emanez solasten; inguruan haurrak jolasten eta den-dena ikusten eta ikasten. Eta, garrantzitsuena, hau guztia, giro lasai eta zoriontsuan.
Hantxe zenituen hizkuntza igorleak, sukaldariak, ekonomialariak, jostunak eta ogibide guztiak, etxea izeneko enpresa, xumeena eta, aldi berean, zailenetakoa, aurrera eramaten, txikigintzan.
Ez dakit zein puntutan gertatu zen norabide aldaketa handigintzarantz; bide horretan galdu egin naiz, edo agian ez da biderik ere izan, jauzi bortitza baizik, baina, kontu batzuetan, noski, aurrera egin dela aitortu behar badut ere, indibidualismoa, norberekia, estresa ere ezarri zaizkigu eta urduritasunak eta goibeltasunak giroan leku handiagoa hartu duela esango nuke.
Uste dut atari-bizimodutik, komunitatetik, asko dugula ikasteko eta noizean behin bada ere, gauza handiak egin nahi izanez gero bertara bueltatu beharko genukeela; badugula zer ikasi txikigintzatik.