Astebete, hilabete, urtebete eta askotan urteak joaten zaizkigu egoera okerrak zuzendu gabe formula ezin hobea aurkitu dugulako, errua norbaiti botatzea.
Horrela, gai bera behin eta berriro atera, kritikatu, asaldatu eta haserretu egiten gara, eta haserre hori elikatu eta areagotu, bakarka nahiz taldean, aurrerapausorik eman gabe. Ez alferrik, erruduna topatzearen bideak txiki-txikitatik landu ditugu, hori izan da, hori izan da, errudunari izena jartze hutsak egoera konponduko balu bezala.
Ez dugu ikusi nahi egoera hori mantentzen geuk laguntzen dugula, gutxienez, edota geuk sortzen dugula, gehienez, tartekoak tarteko. Eta geure ardura ez onartzeagatik errua proiektatzen artista bihurtzen gara.
Ez gara hasiko hau, hori ala hura izan den bilatzen; izan ere, erruaz ordez arduraz hausnartzen eta hitz egiten hasten garenean soluziora errazago iritsiko gara. Gainera, ardura tarta handi bat izaten da eta bakoitzari zati bat, handiagoa ala txikiagoa, dagokio. Nork bereari ekin ahala hasiko gara egoerak konpontzen , helduak moduan jokatzen eta pertsona mailan hazten.
Hausnarketa lana proposatu nahi dizuet: eguneroko bera izan da egoera batean, zer egin dezaket hobetzeko galderari erantzuten saiatu.