Antoniano Ikastetxea Elhuyar Zientzia Azokan saritua

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2021ko eka. 9a, 16:20

DBH2ko ikasleek Soinua eta Zarata proiektuagatik jaso dute saria. Elhuyar Zientzia Azokaren edizio honetara aurkeztu diren 110 proiektuetatik, 20 aukeratu ditu epaimahaiak, eta Antoniano Ikastetxea bertan egon da!

Elhuyar Zientzia Azoka presentziala egin zen Bilboko Areatzan joan zen larunbatean. Goizean zehar, 12-18 urteko gazteek ikasturtean zehar egindako proiektu zientifikoak erakutsi zituzten eta Antoniano Ikastetxeko DBH2ko ikasleek ere aurkeztu zuten berea: natur zientzietako ikasgaian egindako Soinua eta Zarata proiektua, hain zuzen.

Urtero zientzia eta teknologia-proiektuak garatzeko gonbita luzatzen die Elhuyarrek Euskal Herriko 12-18 urte bitarteko gazteei eta beren irakasleei; izan ere, Elhuyar Zientzia Azoka gazteek garatutako zientzia-proiektuen ekimena da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera izan dezaten, eta Euskal Herriko ikastetxe guztiak gonbidatzen dira parte hartzera.

Gazte-taldeek erabakitzen duten gaiaren inguruan aritzen dira talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, eta esperientzia berriak bizitzen. Lanaren emaitza ikerketa-proiektua, nahiz proiektu teknologikoa izaten da.

Gazteei laguntzeko, aholkatzeko eta STEAM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabala bildu du aurten ere Elhuyarrek. Izan ere, 200etik gora ikertzailek eman dute izena 2021eko Elhuyar Zientzia Azokan gazteen aholkulari izateko.

Ikertzaileen balorazioak eta aholkuak “sari” eta “opari” izan dira ANTONIANOKO ikasleentzat: UPV/EHUko irakaslea den Leire San Jose andereak: “Zorionak!! Oso ondo eraman dituzue frogak eta kontrolak, lan bikaina egin duzue zehatzak eta sistematikoak izaten".

Baita ere UPV/EHUn irakasle de Begoña Altuna andereak ere aholku bikainak eman zizkien: “Ideia ona izan da zuengandik hurbil gertatzen den arazo bati aurre egin nahi izatea, ikasle askorentzat ezaguna den arazoa da eta horrek ulergarriagoa egiten du”.

Lan bikain honek izan zuen bere saria, bai: talde osoarentzako. Azokan aurkezpena egiteaz gain, Iruñeko Planetariorako sarrerak, eta batez ere, han bizitako esperientzia itzela. Lerro hauen bidez, gure poza herritarrekin partekatu nahi izan dugu.

Zorionak gure DBH2ko zientzialariei!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide