Futbola eta bertsoa

Erabiltzailearen aurpegia Aner Peritz 2021ko urt. 30a, 15:27

Izenburuak ez dauka zerikusirik artikuluarekin. Eskerrak emateko modu bat baino ez da, eta ez dakit horri izenbururik jartzen. 

 

Kuadrillakoak ez dira sekula joan nire saio bat entzutera. Izatekotan, auzoko festetako saioan entzun gintuzten; txosnagunearen parean zegoen oholtza, eta ez zuten entzutea beste aukerarik izan. Gogoratzen naiz saioaren aurreko asteaz, kalean kartelak jarri zituzten, eta masailak beteta etortzen zitzaizkidan: “hi, Aner, Maialen Lujanbiokin kantatze dekela e, tipa hoi tope ona dek ezta?”. Edo zortziko txikiko ofizio bat nola gustatu zitzaien: “batalla de gallos bat emate zian”. Horrelakoa da gure kuadrilla, ziurrenik mundutxo honetako beste askorenaren antzekoa, eta ez zaie bertsoa batere axola. Ez bertsoa, ez literatura, ez “hik entzute deken musika hoi”, ez… Ez dut sarritan aitortzen, baina gure kuadrillari futbola gustatzen zaio asko, eta arratsalde batean baino gehiagotan joaten dira futbolean jokatzera edo “partidu garrantzitsu bat” ikustera tabernaren batera; normalean, nik geratu ezin izaten dudanean. Ez dira sekula saio bat entzutera etorri, eta ulertzen ditut, eta ez diet inoiz etortzeko eskatuko. Ni ere ez naiz joaten haien futbol-partidak ikustera, eta ez dut joateko beharrik sentitu nahi. Partekatzen ditugun gauzetan egingo dugu topo.


Ez ditut kuadrillakoak saioetara joatera behartuko, baina nik bertsotan jarraitu nahi dut, irakurtzen jarraitu nahi dut, “entzute deten musika hoi” entzuten jarraitu nahi dut, tarteka jotzen eta idazten ere bai. Kultura autodestruktiboa izango da askotan (Ane Labaka dixit), autonomoa gehienetan (barkatuko didazu, MartaLanku) eta bakarkakoa zentzu askotan, baina ez da eta ezin du izan bakarrik egindakoa. Nik behintzat ezin dut.


Zorte handia izan dut horretan. 2014an, inguru futbolistiko soiletik -sinplifikatzen ari naiz, ez bekit inor haserretu- Arrazolako bertso-udalekuetara pasa nintzen. Eta handik Etxebeltz Bertso-Eskolara, eta Irañetako udalekuetara… eta handik hona. Nik bertsotan jarraitu nahi dut, eta beste mila gauzatan, eta horretarako ez dira ereduak bakarrik behar (hori ere bai), bidelagun horizontalak ere behar dira. Nik behintzat, gaur egun hori behar dut batik bat.


Hargatik daukat beti Oihana Aranaren eleberriaren bigarren ale bat prest norbaiti liburu bat oparitu behar diodanerako, edo hargatik gomendatzen ditut Lierni Rekondoren artikuluak, joaten naiz Olatz Zuazubiskarren kamisetarekin saioetara, Uxue Alkortarekin klase bat batera eman behar dudanean pozten naiz, Maddi Zabaloren abestiak abesten ditut, Izaro Telletxea dantzan ikustera gonbidatzen dut jendea, Haizea Aranaren bertso-sorta bat erabiltzen dut urtero ikasleekin, Ekhiñe Zapiain, Maider Altuna eta Aitor Ugarterekin saio bat daukadala esaten didatenean pozten naiz, eta beste mila gauza, aipatu ez zaitudan lagun hori, zurekin egiten ditudanak. 


Eta berdin-berdin egiten dit sekulako ilusioa lagun batek nire sorta bat ea ikasleekin erabil dezakeen esaten didanean, aspaldiko ikaskide batek nire ipuin bat bidaltzeko eskatzen didanean, maite dudan norbaitek kantu bat jotzeko esandakoan, edo artikulu hau irakurri duzula eta gustatu zaizula esanez mezu bat bidaliko didazunean. Badakit egingo duzula. Beti egiten duzu. Ez zara Maialen Lujanbio, baina tope ona zara.


Hemen jarraitzen badugu, eta are gehiago, hemen jarraitu nahi badugu, ez da hau gustatzen zaigulako, hau zuekin gustatzen zaigulako da. Kotxean eramaten zaituztedanean, nahi duzuen diskoa hautatzeko esaten dizuet beti, eta askotan ez duzue entzun nahi dudana hautatzen; hala ere, nahiago dut hori bakarrik joatea baino.


Partekatzen ditugun gauzetan egingo dugu topo, kuadrillakook bezalaxe besteok ere, eta zorionez, hau ere partekatzen dugunak bagara batzuk. Eskerrik asko, ez besterik.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide