Egun on ahal duenari! Ni Fatou naiz, orain dela 5 urte Senegaldik Zarautza iritsi nintzena. Bizitza hobe baten bila-edo. Sarritan, bizitza zer den ez dakizunean, edozer da hobea. Karro bat lortu eta tabernetara, dendetara, kafetegietara… aurretik txinoetan erositako gauzak saltzera. Ez da legala izango, baina bizibidea da. Irribarre egiten nizuen irribarrerik egiten ez zenidatenean ere, are gehiago egiten zenidatenean. Negua iritsi arte.
Olatuak bezala etorri eta joaten omen dira urtaroak. Etortzeko joaten. Joateko etortzen. Ez dago esan beharrik, ordea, olatu batzuek denbora gehixeago irauten dutela gurean, galdetu bestela malekoiari. Halakoa da, bada, negua; negu den bezain hotz, bai bankuetan -batzuetan zein besteetan- lo egiten dugunontzat bederen. Ez ditut ahazten, baina, goizeko ordu txikietan dirua ateratzera sartzen zinetenen zehar-begiradak. Ez oso abegikorrak, guk sartu ezin genuen dirua ateratzen zenuten bitartean.
Egun on, bai! Marek naiz ni, poloniarra. 7 urte dira lehen aldiz zarauztartu nintzenetik. Eroski parean jarri, eta egon: “jateko dirua behar dut/necesito dinero para comer”. Pare bat txanponen txin-txin hotsa entzun izanaren irribarrez pasatzen nuen eguna, gauak kentzen baitio irribarrea estalperik ez daukanari. Kaleko lehen izkinan, zaborrontziren batetik ateratako mantaren baten babesean (edo beroan behintzat) egiten nuen lo.
Ez ditut berehala ahazten, hala ere, zuetako zenbaiten hitzak: horrela aldenduko ditugula turistak, Zarautzek erakargarri izateari utziko diola, ez duela inork herri honetara etorri nahiko dagoen etorkin pilarekin… Zer dira ba turistak etorkin dirudunak ez badira? Ai, pobreari lagundu bai, baina urrutitik lagundu nahi diozuen aberaskumeak.
Baita zuei ere! Juan da nire izena, eta errioxarra naiz, guraso umezurtzen seme umezurtza. Zoriak aukeratzen gaitu. Gurean zoratu egin zen. 17 urterekin ama hil ondoren, bakarrik geratu nintzen, eta zenbait urtetan bueltaka ibili ondoren, zuen herri honetara iritsi. Kale-ertzetan esertzen naiz, kartoi-puska bat azpian eta poltsa bat parean, inork ezer botatzeko zain. Begiratzen didazuenei buruarekin keinu eginez eta ezer botatzera ausartzen zaretenei “eskerrik asko” esanez pasa ohi dut eguna, liburutegira ez noanean.
Urtean zehar, komunikazio-bide bakar bihurtzen zait liburutegiko ordenagailua. Lagunekin, ezagunekin edo ezezagunekin hitz egiteko zubi pantaila bat eta teklatu bat. Neguan, honez gain, aterpe eta berotasun. Kalean 5 graduk eta milaka euri-tantak mehatxatzen gaituztenean, zer hoberik aterpe bateko berotasunean goxatzea baino, zer nahiago kalefakzio horren beroa pixka bat bada ere sentitzea baino.
Gu Nadia, Marek, Juan eta gehiago gara. Erantzunik gabeko mila egun on botatzen eta beste horrenbeste irribarre egiten ditugunak. Zarautza iritsi ginen, zuen herrira, eta gure herri ere bilakatzea nahi genuen. Ez ginen udaran etorri kanpinean leku bat erreserbatu eta surfean saiatu ondoren izozki bat janez malekoia zeharkatzera. Bizitza bila etorri ginen, ahal zen tokira, ekarri gintuzten tokira, eta zuen hau egokitu zitzaigun. Guk ere ez dugu bankuetan lo egin nahi, ez dugu turistarik bidali nahi, ezta eskale gehiago ekarri ere, baina etxe batean egoteko aukerarik ez daukagunean, kalean egon behar izaten dugu. Guk ere ez dugu zuen liburutegian dutxatu ez denaren usainik utzi nahi, baina ez daukagu dutxatzerik, eta zuek liburutegira nahi duzuelako sartzen zareten bezala, behar dugulako sartzen gara gu.
Zarauzko eskaleak gara. Urte osoa hemen igarotzen dugun turista pobreak. Nahi ez dituzuen horiek. Zuek, berriz, soluzioa begien parean eduki arren, ikusi nahi ez duzuenak zarete. Ez dugu bankurik behar, ez turistarik, ez liburutegirik, ez dutxarik. Honen soluzioa ez da erabaki politiko bat. Behin esaten hasita, ezta neguetxe bat ere. Honek soluzio bakarra dauka, eta zuen esku dago: eskuzabaltasuna.