Hasi zen abendua. Azaroa bukatu zen segundo berean. Pasa ziren abenduaren 1a, 2a, 3a, ... eta 22a, garbitzaileek udazkenean eutsi eta neguan etsi zuten hostoak jasotzen zituzten bitartean. Pasa zen abenduaren 6a, pasa zen Durangoko Azoka (edo pasa DA!)... eta hauek pasa ziren moduan pasako dira abenduaren 24a eta 25a. Bigarrena lehena amaitzen den segundo berean hasiko da gainera.
Besterik gabe pasako dira, orain arteko guzti hauek pasa diren bezala. Olentzero eta Mari Domingi, batean etorri bezala joango dira bestean, zaku bete opari etorri eta sabel bete ardo joango. Hau guztia, nire barreneko errepublikano sen horri jarraituz, urtarrilean etorriko diren erregeak aipatu gabe.
Beraz, erregeak ahaztuz, goazen Oleni eta Domingiri heltzera (bai, Olenek Whatsappa daukanetik konfiantza sortu da gure artean). Olentzero tresna bat da, kapitalismoaren eta zintzokeriaren tresna bat. Esan genezake, El Corte Inglesek, Eroskik eta Munduko Ume Bihurrien Aurkako Gurasoen Elkarteak (MUBAGE) partaidetzan sortutako tresna bat dela. Argi dago -eta honi buruz askotan hitz egin denez ez diot buelta gehiagorik emango- kapitalismo purua dela Olentzero, dendek dirua irabazteko sortutako gizon bat. Bestetik, urtarriletik urrira arte ez hainbeste, baina batez ere abendutik gertuen dauden pare bat hilabeteetan, mehatxu bat da Olentzero. Umeei ondo portatzeko esaten diegu (guretzat “ondo” dena zer den jakingo balute bezala) bestela Olentzerok ikatza ekarriko baitie. Umeak bi hilabetean lepotik lotzeko soka bat da Olentzero.
Dena den, badakite edozein eratan portatuta ere, Olentzerok ez diela ikatzik ekarriko. Urtero halaxe egin baitu, eta haien lagun guztiei ere halaxe egingo baitie. Agian umeek ez dute jakingo, baina guk bai. Ondo portatzea, baina, ez dago edonoren esku. Eta gaizki portatu arren opariak jasotzearena ere ez. Kalean lo egiten duen umea, 600 euroko soldata duen ama/aita baten seme edo alaba, harrerako etxe batean dagoena, immigratu berri duen umea edota Tindufeko kanpamenduko jaima bateko itzaletan ezkutatzen dena, adibidez, ezin dira ondo portatu. Ez da ez dutela nahi. Ezin dute.
Olentzero ez dator Zarautza. Ez dator Euskal Herrira. Euskal Herriko eta
Zarauzko etxe batzuetara dator, diru-zorroaren arabera ezartzen diren baldintza batzuk betetzen dituzten etxeetara dator Olentzero. Bai, gure etxera ere bai.
Gero entzungo ditugu oraingo ume zarauztarrak, lehenago gu entzuten gintuzuen bezala:
-Ze ekarrizu Olentzerok?
-Seguru zuri baino opari hobia ekarri ditela.
-Ez det uste, ze nei Pleiesteixona ekarri dit, ta zuri Nintendua bakarrik.
-...
Bai, horrelakoak ziren gure eztabaida Olentzerotiarrak hasieran. Geroxeago, dirua sartu zen “lagunarteko” borroka hartan, eta honek are gehiago okertu zuen kontua:
-...
-Bai, baino zure Pleiesteixonak 200€ baliyou, ta nere Nintenduak 400.
-Baino hortaz aparte amonak galtzontzillo batzuk ta dirua eman dizkit. 50€, nik nahi detena
erosteko.
-...
Gehienetan gezurra. Gero, gelako etorkinari barre egiten genion, Olentzerok ezer ekarri ez ziola eta. Ai, ikatza eta pare bat muturreko ekarri izan balizkigu!
Geure buruarekin nahiko ez eta umeak bultzatzen ditugu diruaren aginterantz. Umeei esaten diegu “bizikleta garesti-garesti eta eder bat ekarri dizu Olentzerok, ziur zure gelako beste inork ez daukala horrelakorik!” horrekin norabait bagindoaz bezala. Baina ez dugu ikusten, umea joateko daukan bide bakarretik joaten bada, eta hala egingo du, gu bezalakoxea izatera bultzatuko dugula.
Ez dizuet gezurrik esango, nik ere izugarrizko pena hartu nuen Olentzerorena kontatu zidatenean eta nik ere esan nuen Nintendoa Pleiesteixona baino garestiagoa zela. Hala ere, ez dut inoiz ahaztuko, gurasoei benetan zer nahi nuen esan ondoren -solidarioa bai, baina tontoa ez bainintzen-, Olentzerori eman nion azken gutunean nola jarri nuen:
“Olentzero maitea; aurten ez dizut ezer eskatuko, baina Mohamedi emaiozu zerbait, mesedez, inoiz ez du oparirik jasotzen eta. Muxu handi bat. Aner.”