«Luma bat naiz.
Objetu bat naiz.
Titi erraldoi bat naiz.
Zure esklabua izan naiz, naiz eta izango naiz.
Inoiz ez dut ezer garrantzitsurik egin.
Inoiz ez dut ezer garrantzitsurik esan.
Inoiz ez dut ezer garrantzitsurik pentsatu.
Zure aurrean nagoenean txiki sentitzen naiz.
Dudan jartzen dut nire balioa.
Gai naiz?
Egunero bortxatzen nauzu.
Ikustezina...
Baliorik gabekoa...
Hutsa....
Luma....
Titi bat naiz... titi erraldoi bat...
Ez! Ez egin barre gehiegi, itsusi geratzen da.
Ez! Ez egon serio, ez behintzat seriogi, antipatika zarela esango dute. Amargada bat.
Ez! Ez hankak ireki gehiegi.... sexuala da eta gaizki ulertu daiteke.
Ez! Ez izan buruargiegia gizonezkoak beldurtu egiten dira eta ez zaizu inor inguratuko.
Ez! Ez egon bakarrik. Emakume bat bakarrik.... ez da naturala.
Ez! Ez egon askorekin, puta kontsideratuko zaituzte.
Ez! Ez, ez izan puta... bestela ezingo duzu amatxo on bat izan.
Ez! Ez izan amatxo bat, erotismoa galduko duzu...
Ez? Ez duzu ama izan behar?
Ez!?
Gehiegi ikusten den gizaki ikusezina naiz.
Inperfekzio perfektua.
Nire gorputzak milioiak mugitzen ditu.
Nire ipurdiak mundua gera dezake.
Nor naiz?
Zer naiz?
Gehiegi ikusten den gizaki ikusezina naiz.
Non nago historiaren eboluzioan?
Zein izan da nire papera?
Zer naiz?
Titi erraldoi bat naiz...
Desafiatu egiten zaitut irakurle.
Desafiatu egiten zaitut zazpi emakume zientzialari famaturen izenak esatera. Zine zuzendari diren zazpi emakumeen izenak esatera. Zazpi emakume idazleren izenak esatera. Zazpi emakume
abeslariren izenak esatera. Zazpi emakume margolariren izenak esatera. Antzerkiko zazpi emakume zuzendariren izenak esatera.
Pentsatu duzu? Gai izan zara erantzuteko? Izen-abizenekin? Dudarik gabe? Nolakoak dira burura etorri zaizkizun emakumeen izenak? Irudikatu dituzu?
Lasai irakurle. Badakit ez duzula lortu. Neuk ere ezin izan nituen erantzun. Lasai irakurle. Hauxe da nire errealitatea. Hau naiz, luma bat. Ez dut pixurik. Nire hitzak aireak eramaten ditu. Objetu bat naiz. Bortxa nazakezu. Inork ez du jakingo. Inork ez du salatuko. Historiaren eboluzioaz hitz egiten duen liburu mardulean lerro bat besterik ez naiz. Ikusezina.
Eta orain irakurle...
Hartu ezazu labana eta moztu ezazu nire sexua.
Hartu ezazu burka, irakurle, eta jantzi nazazu.
Hartu ezazu historia, irakurle, eta ez nazazu bertan idatzi.
Hartu ezazu zure eskua, irakurle, eta jo nazazu.
Hartu itzazu hitz hauek eta ahaztu itzazu.
Pentsatu ezazu hau dena emakume ile hori baten burutapen txolina dela.
Pentsatu ezazu Euskal Herrian matriarkatuan bizi garela.
Egin nazazu ikusezin.
Eta beste emakume ikusezin bat gehiago izango naiz».
Hauxe da egun hartan, emakume
ikusezin hark hiru aldiz bortxatu zutela kontatu zidanean esan ez zidana. Eta
nik gaur bere izenean idatzi nahi dudana.
Ikusezin guztientzat. Niretzat. Zuretzat.