BOSTEKOA. Pentsamendu positiboaren teoria

Erabiltzailearen aurpegia Amancay Gaztanaga 2015ko uzt. 23a, 12:00

Amancay Gaztañaga

Jolas bat planteatzen dizut, irakurle. Joan zure ordenagailura, ireki egunero erabiltzen duzun erreproduktorea, eta bilatu Radiohead taldearen All I need abestia. Ipini. Entzun.

Entzun duzu? Orain begiak ixteko esango dizut, eta ixten dituzunean, zure arnasean kontzentratu beharko duzu, horretan bakarrik. Eta oso garrantzitsua den gauza bat egin beharko duzu, ez pentsatu. Itxi begiak.

Gai izan zara ezertan ez pentsatzeko? Lehenago entzun duzun musikak zure pentsamenduak kondizionatu ditu? Nola?

Hauxe da abestia esaten ari zena: «Zure hurrengo urratsa naiz, justu momentu horretan zuk ni hartzeko zain nago. Zure auto beroan harrapaturik dagoen animalia bat naiz. Ezerezean uztea erabakitzen dituzun egun guzti horiek naiz. Zu zara behar dudan guztia. Zure paisaiaren erdian nago, etzanda zain. Eta dena ondo dago... eta dena gaizki dago... eta dena ondo dago... eta gaizki...».

Abesti hau entzunarazi dizut, askotan neure burua horrela sentitzen delako. Dena ondo dagoen sentsazio bat duelako, nahiz eta batzuetan dena gaizki egon. Pentsamendu positiboa dut guztiaren gainetik.

Pentsamenduak aldatu al dezake gure errealitatea? Ze eragin dute gure bizitzan gure pentsamenduek? Ze eragin dute pentsamenduek gure gorputzean? Pentsamendu positiboaren teorian sinesten duzu? Hau da, zure pentsamenduak zure egunerokotasunean erabakior bihurtzen direla sinesten duzu? Eta zure osasunean eragina izatera iritsi ahal ditezkeela?

Zure garunak egiten duzun guztian parte hartzen du. Zure pentsamenduak zara. Zure pentsamenduek zure errealitatea sortzen dute. Descartesek zioen bezala, «Pentsatzen dut, beraz banaiz». Baina, zer naiz? Nik pentsatzen dudan hori naiz. Pentsamendu berdin batek, errealitate berdin batetara eramaten nau.

Zure barne mundua betikotasunetik atera nahi baduzu eta ezberdina bihurtu, aldatu egin beharko duzu zure pentsamenduen errutina, eta hauek zure sentimenduen errutina aldatuko dute, eta sentimendu eta pentsamendu hauen aldaketak zure gorputzean eragin zuzena izango dute.

Txikitan lortzen ditugun jokabide-ereduen esklabu zara egunero. Kodifikaturik zaude. Pentsamendu berdinek jokabide mekaniko bat izatera eramaten gaituzte eta honek «ni hau naiz» sinistera zuzen-zuzen. Ni, ez naiz hau. Ez «hau» bakarrik behintzat. Ni energia naiz, eta energia une oro alda daiteke eta aldatzen da, trasformatzen da.

Esango duzu, irakurle, New Age-eko psikologia hutsala iruditzen zaizula hau guztia, eta beharbada ez zaude batere ados ideia hauekin... baina ziur egon dela momenturen bat, edo badela aldatu nahi duzun barne-jokaeraren bat. Ez zara inoiz espiral batean sentitu? Ez duzu inoiz sentitu bizitzan istorio edo gertakizun batzuk modu zikliko batean bizitzen dituzula? Berriz datozela?

Errealitate berri bat sortzeko gai zara. Aldaketa zure elekzio bat da, ez du erreakzio bat soilik izan behar. Bidaia hau guztia hasi garenetik bizi izan dugun errealitate bakarra zuk begiak itxi eta zure arnasean egon zaren momentuan bizi izan duguna da. Horixe bakarrik izan da erreala. Bizi oraina. Jarri arreta zure pentsamenduei, ez daitezela mekanikoki zure barrenean ibiltzeko gai izan. Jarri arreta sentitzen duzunari. Hau pentsatzen duzunarekin erabat erlazionaturik dago. Eta jarri arreta egiten duzunari. Zu, orain zara.

Shakespearek esaten zuen bezala.... badakigu zer garen baina ez zer izatera iritsi gintezkeen.

Gozatu oraina irakurle eta utzi zu izateari.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide