Hutsuneak bete

Erabiltzailearen aurpegia Amancay Gaztanaga 2015ko ira. 10a, 12:00

Amancay Gaztañaga

Zulo bat dut. Tripak, bihotza, birikak eta saihetsak egon beharko luketen tokian zulo bat dut. Barruraka xurgatzen nauen zuloa da. Batzutan eztarriraino igotzen dena, ahoan malenkonia zapore bat utziz. Nolabaiteko regustu gazi-gozoa. Kendu ezina. Hor kokatzen da batzuetan jostari. Tripetatik gora, bihotza zeharkatu eta zaz. Zaztada txiki bat da. Txikia, baina pozoi onenek bezala bere lana egiten dakiena.

Nire zuloak badu izenik. Gehienetan, pozoi horrek bere lana egiten duenean, zuloari izena jarri ezinik, galduta, antsietate txar batek jota, zergatik ez dakidala baina negar egiteko gogoa kendu ezinik ibiltzen naiz. Baina badu izenik.

Ondo daki nire zuloak ixkutaketan, jostaria dela ere esan dezaket. Adibidez, desagertzen denean betiko joan denaren sentsazioa uzten du. Ez dakit gorputzeko zer zirrikitutan sartzen den... baina ondo daki bai ixkutatzen. Bromista bat da zinez, gutxien espero duzunean berriz, zaz! Hor azaltzen da, bere tokian, inoiz joan izan ez balitz bezala.

Nire zuloa ase ezina da. Tripontzia da. Ez du amaierarik. Gauza ezberdinez osaturiko menua du gogoko. Hala nola; tripetan dagoenean haserrea jan nahi izaten du eta edozein trikimailu erabiltzen du edozein xaxatu eta berak nahi duena lortzeko. Bihotzean kokatzen denean, berriz, maitasun iluna du gustoko. Onik egiten ez dioten harremanen bila irteten da, ehizatu, kozinatu eta ondo jan ahal izateko. Ahoan, berriz, plazera sortuko dion edozein gustutako jaki eta edariak ditu maite. Eta begietan amaierarik gabeko lakuak ditu sortzen.

Zulo, hutsune, amildegi honek baditu lagunak... besteen hutsuneekin jolastea du gustoko. Hutsunetik hutsunera erlazionatzen da, gustora, besteari barnea xurgatzen dionari begira. Pozoi horrekin gozatzen. Bestearen lakuari begira txunditurik eta beldurturik aldi berean. Paralizaturik. Hutsa.

Txikitan sortzen omen dira hutsune handi hauek. Horixe paradoxa. Ia ez garenean, garenaren kontzientzia izaten ari garenerako, bost urte ditugunerako gure hutsuneak handi egiten dira. Eta betiko, deskubritu ezin dugun gure gorputzeko txoko horretan izkutatzen da. Irten zain. Bere aukeraren zain.

Nire hutsuneak, handia ematen du. Handi sentitzen dut. Eta esan beharra daukat batzuetan berari garrantzia ematea ere gustatzen zaidala. Besteei aurkeztu. Berari buruz hitz egin. Badu berak nolabaiteko xarma erakargarri bat. Baina, egia esan behar badizut, ez da handia. Niretzat bai. Lehenengo munduan bizi denaren begiekin ikusten baitut zuloa, hutsunea.

Hutsa ordea beste zerbait da... Hutsa da haur bat hondarretan hilik topatzea, guk begiratzea, argazkiak egitea. Hutsa, beltz bat ikusi eta eskua poltsara eramatea. Hutsa nire herrian atzo erail zituzten bi zezenen sufrimentua ez sentitzea. Hutsa. Zuloa.

Denok bat garenaren kontzientziak mugitzen nau. Eta hau horrela izanik. Ez ote nik sentitzen dudan zuloa, hutsunea, hilda dagoen haur horren sufrimenduaren zati bat? Hutsunetik hutsunera erlazionatzen den gizarte gaixo baten ondorio zuzena? Ni ez naiz ni. Ni, zu naiz. Eta beraz zure hutsunea nirea ere bada.

Orduan zergatik urruntzen gara... zergatik saiatzen gara gure hutsune propioak betetzen, asetzen.... Beharbada irtenbidea bestearen hutsunea betetzen saiatzean datza. Behar bada zure hutsuneari, zure zuloari begiratuko banio nireari horrenbeste begiratu beharrean.....

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide