puntuka

Alferkeria teknikoa

Eusko Jaurlaritzari natura leheneratzeko neurriak eskatzeko zenbait talde ekologistaren agerraldia, joan den astean, Donostian. (Utzitakoa)

Aitziber Sarobek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Beldur da Gipuzkoako ahaldun nagusia hori ote de den AHTa Gipuzkoara berak nahiko lukeen moduan ez ekartzearen arrazoia. Aralar zulatzeko duen obsesioari Madrilek muzin egingo diolakoan, alferkerian erortzeko tentazioa uxatzea eskatu die Espainiako erreinuko ordezkariei.

Gai gutxi egongo da Euskal Herriaren egoera politikoa AHTaren aferak bezain ondo islatzen duenik. Batetik, Nafarroako lehendakaria, garraiobide horrek Gipuzkoarekin izango duen loturarekiko axolagabekeria erakutsiz, bere lehentasuna Nafarroa edonondik EAErekin eta ahalik eta azkarren Madrilekin lotzea delako. Bestetik Jean-Rene Etchegaray, Iparraldeko komunitateko lehendakaria, tren horren beharrik ez dutela esanez, lehendik ere badutelako tren azkarra Parisera joateko. Gasteizko alkateak ere badu bere iritzia, Iruñea eta Gasteiz lotzea merkeagoa (ez egokiagoa edo beharrezkoagoa) delako, Iruñea eta Donostia baino. Gipuzkoako ahaldun nagusiak ezetz, nafarrak hondartzara ziztu bizian ekartzeak duela interesa. Behingoz, bizkaitarrak daude isilik, akaso datorren ekainetik aurrera United Airlines konpainiak Loiuko aireportutik New Yorkekora zuzenean eramango dituelako? Eta bitartean, Euskal Herriak herri bezala etorkizuna izan dezan, independentziaren ezinbestekotasuna zalantzan jartzen duten abertzaleak entzun behar, eguna joan eta eguna etorri, gure hedabideetan...

Izenburura bueltatuta, deigarria da agintari politiko bat haien ardurak zalantzan jartzen entzutea, besteei aurpegiratzeko bada ere. Agintari politikoek beren berariaz dute funtzio publikoan enplegatutako langileen, alegia, funtzionarioen lana kudeatzeko ardura. Baina, azalpenak eskatzen hasita, ondo egingo luke Gipuzkoako ahaldun nagusiak Madrilera baino, etxera begiratuko balu.

Hasteko, azken urteetan, Gipuzkoako landa eremuan mutur batetik bestera haize erroten zentral eolikoak jartzeko eskaeren izapidetzetik has gaitezke. Zentral hauek hegaztiengan edota saguzarrengan duten eraginari buruz gero eta datu beldurgarriagoak ditugun arren, Jaurlaritzak EAErako onartu zituen hegazti nekrofagoak eta saguzarrak babesteko planak ez daude indarrean Gipuzkoan, Batzar Nagusiek eskaria egina duten arren. Nola babestu biodibertsitatea baldintza hauetan?

Beste hainbeste esan dezakegu Gipuzkoan arriskuan dauden espezieekin. Hainbat dauden arren egoera horretan, bakar batek ere ez du berariazko kudeaketa plana indarrean.

Beste horrenbeste espezie arrotz inbaditzaileen kasuan. Ez dago horien zerrendarik indarrean. Hori Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, baina bitartean, aldundiak egin zezakeen bere zerrenda Gipuzkoarako, eta besterik ez bada, pedagogia egiteko baliatu. Txostenak, planak eta iragarkiak egiteko ez dute dirurik falta izaten azpiegiturak edota bestelako proiektu ekonomikoak saltzeko. Zergatik ez baliatu dirua biodibertsitatearen ezagutza eta zaintza sustatzeko?

Bitartean, gero eta udal gehiagotan kale katuen koloniak diru publikoz kudeatzeko proiektuak onartzen ari direla ikusten ari gara. Katuak dira hiri inguruneetan ez ezik, landa eremuan basabizitzaren desagerpenaren eragile nagusiak. Milioika ugaztun eta hegazti txiki hiltzen dituzte han eta hemen urtero. Antzutu arren, ehizarako sena ez dutela galtzen bistakoa da, baina, hala ere, nahiago dute horiek elikatu, basabizitza babestu baino. Ari da ezer egiten aldundia honen aurrean? Ez, intentziorik ere ez.

Baina, bizidunekiko bakarrik ez, haien bizitokiekiko ere utzikeria maila bera erakusten du aldundiak. Natura 2000 sarean biltzen dira Gipuzkoan natur balioengatik babestuta dauden eremuak: hemeretzi dira, hain zuzen. Horien artean daude Aralar, Pagoeta, Aiako Harria eta Aizkorri-Aratz parke naturalak zein Iñurritzako, Deba-Zumaiako eta Leizarango biotopoak. Bakar batek ere ez du Kontserbazio Bereziko Eremuaren plangintza zehatzik indarrean, horien egoera ekologikoarekiko eta kudeaketarekiko informazioa behin eta berriro eskatu bazaio ere Batzar Nagusietatik.

Horretan guztian lagungarri izan beharko lukeen Naturaren Lege berria 2021ean onartu zuen Jaurlaritzak. Aurrekoa, 16/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Herriko Natura Babestekoa, garatu aurretik zaharkitua gelditu zen, besteak beste, Jaurlaritzaren eta aldundien arteko tirabirengatik. Berriarekin beste horrenbeste gertatuko da aldundien borondatearen esku uzten bada.

Iaz, natura leheneratzeko legea onartu zuen Europar Batzordeak, zeinak gure lurraldearen % 20 natur kontserbazioaren mesedetan kudeatzea eskatzen duen. Berriki, Donostian hainbat eragile bildu dira ez dakigulako gure administrazioek ekosistemak leheneratzeko eta biodibertsitatea berreskuratzeko estrategiarik diseinatzeko intentziorik duten ere.

Aipatutako guztiak lan teknikoa, plangintza eta estrategia eskatzen ditu. Bada, orain arte erakutsitakoaren arabera, ez du ematen Gipuzkoan biodibertsitatea babestuko dugunik funtzionarioek egindako lanarekin. Alferkeria teknikoa da horren arrazoia? Ahaldun nagusiak erantzun dezala.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide