Puntuka

Nekazariak protestan (Frantzian ere)

Ipar Euskal Herriko nekazarien protesta bat. (EITB)

Aitziber Sarobek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Han ere txakurrak oinutsik baitabiltza, gurean bezala. Baserritarrak, laborariak edo nekazariak, guztiak berdin, lurrari etekina atera nahian, zeruari otoi, aginte makilari begira. Lehen sektoreak ondoa jo du Europa osoan, gure herrira begiratu besterik ez dago. Frantziako protesten harira zabaldutako irudiak egoeraren erakusle dira, baina hain konplexua den gaiari nondik heldu nahi zaion ikusita, gaurko ogiak biharko gosea izateko itxura dauka. Nekazaritzaren intentsibitatea edo industrializazioa helburu duen Europako nekazaritza politika bateratua irauli ezean, ez du konponbiderik auziak.

Gurera etorrita, gai honen konplexutasunak hamaika erpinetatik heltzeko aukera ematen du. Hasteko eta behin, ez genuke ahaztu behar lurrak ematen digula jatekoa (itsasoari bizkar emanda bizi garenetik). Salgai ditugun jakien gehiengoa, baina, ez da gure lurrak emandakoa. Mundu osokoak ditugu eskura, prezioetan jaki horiek ekoizteak edo gure saltokietara ekartzeak ingurumenean eragiten dituen inpaktuen gainkosturik gabe. Aspalditik dira gure portuak eta aireportuak herri honetara datozen jakien sorrera ez, baizik sarrera leku nagusiak. Jatorri fosileko erregaietan oinarritzen den eredu horrek eragiten dituen CO2 isuriak ez dituzte saihestuko gure soro eta mendietan eraiki nahi diren energia berriztagarrien zentralek. Arazoa, alimalekoa da.

Hori, gainera, ez da elikagaien banaketa eta salmenta eredu horrek eragiten duen albo kalte bakarra. Elikagaiak mundu osoan zehar garraiatzeko, ezinbestekoa da higiene eta segurtasun baldintzak bermatzeko teknologia baliatzea. Plastikoak baliatu du hori, hotz-bero sistemak dituzten ibilgailu eta tresneriaren laguntzarekin. Sistema osoa da jatorri fosileko erregaien menpekoa, eta prozesu horretan guztian sortzen dira naturan deskonposatzeko denbora asko behar duten hondakinak: hain ezagun egin zaizkigun pellet bolatxoen moduko materialak zein hotz-beroen sistemetan atmosferara askatzen ditugun eta negutegi eragina duten gasak.

Honen aurrean, edonork eman dezakeen erantzuna da ez dagoela zertan egin erosketak saltoki handietan. Ez da arrazoibide txarra, baina horrek gurean garaian-garaikoak diren jakien nozioa ez galtzea eskatzen du; haiek kontsumitzeak daukan garrantziaz jabetu eta erosketak modu arduratsuan egiteko konpromisoa hartzea. Ez da erraza saltoki handiei begira jartzen gaituzten iragarki, telebista saio edota bestelako kontsumorako joera eta aldarriekin, administrazio publikoaren politikek ere joera horiek erraztu baino egiten ez dituztenean.

Honek guztiak, jakien salmentaren ikuspegitik, kinka larrian jartzen ditu gure baserritar edo laborariak. Sarritan ikusi ahal dira (eta haiek ikusten dituzte) saltokietan hemen ekoitzi eta merkaturatzeak eragiten dituen gastuen mugan edota merkeago salgai dauden jakiak. Esnea izan da horren adibide argia, haragiarekin batera. Zer-nolako tristura zure ahaleginaren fruituak esker hori izateak! Edozein erosleri zer pentsatua eman beharko liokeen kontua da, baina landa eremutik gero eta gehiago urruntzen ari diren herritarrei ezin zaie eskatu jakiak erostera doazenero Sherlok Holmesen zapatetan jartzea. Zertarako zen elikadura katearen legea? Inoiz baino gehiago garestitu dira jakiak legea onartu zenetik. Nora doa diru hori guztia?

Jakien ekoizpenari begira ere, ez da xamurra baserriek duten egoera. Kulturala da lanbide horretan erreleboa zailtzen duen faktore nagusienetarikoa: baserrietan ez da asmatu bizitokia eta bizibidea bereizten. Ez dira bereizi baserrietan bizitzea eta baserritik bizitzea. Horrek gainditu ezinezko atzerapena ekarri du bizibide horretan: baserrian jaiotze hutsak baserritik bizitzea ahalbidetzen duelakoan bizi izan baitira asko, Europako politika bateratuaren eraginez diru laguntzak jasotzera bideratutako burokrazia konplexuan eta teknifikazioan galduta, administrazioaren morroi; bitartean, kalean jaiota baserritar izatea ezinezkoa eginez (lurrak eskuratzeko zailtasunarengatik). Erreleboa ez da landu baserrietan, ez da hausnartu gizartean eta ez du prestatu administrazioak. Horrek guztiak eragin duen eta eragiten ari den mina sendatzeko ez dago psikologo edota psikiatratik. 

Horregatik da zaila ulertzea nekazaritza sindikatuek darabilten diskurtsoa. Urtarrilaren 24an Berrian plazaratutako elkarrizketan, ENBA nekazarien elkarteko presidenteak hitzez hitz dio: "Aldaketa handia egon da azken urteetan, bereziki ekologismoak pisu handia hartu duenetik". Baita ondorengoa ere: "Politikarien eta teknikarien artean ekologisten ikuspegia gailentzen ari da. Gizarte osoa kontra jartzen ari zaigu …". Eta aurrerago, honakoa: "Gero, presio handia dago gizarte ingurutik, talde ekologistetatik eta. Espezie batzuk galarazi nahi dituzte. Baso jabeak nekatzen ari dira ...".

Eusko Jaurlaritzak arautu eta aldundietatik kudeatzen den Europako Batasuneko nekazaritza politika bateratuarekiko hain otzanak agertzen diren nekazarien ordezkari hauek ekologismoarekiko erakusten duten herra patologikoa izatetik hurbil dago. Lehen sektorearen krisiak partaide asko eta askotarikoak bilduko dituen mahai sektorialak eta politika berriak eskatzen ditu. Bizibidea eta elikadura ez ezik, paisaia eta kultura oso bat dago jokoan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide