PUNTUKA

Belenera begira

Aitziber Sarobe belenera begira jarri da. (Aitziber Sarobe)

Aitziber Sarobek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bihotzeko minez, ez dagoelako malkorik eguna joan eta eguna etorri Gazako irudiei eusteko. Nahikoa da! Posible egin behar dugu umeen (eta helduen) hankak eta besoak mozten dituzten armen ekoizpena debekatzea. Ez Gazan, ez Ukrainan, ez Kongon eta ez inon. Ez ejerzitoen, ez inolako talde edo pertsona armatuen eskuetan. Suzko armarik ez!

Teknologiaren aldeko fedeak irentsita bizi da gaur gizakia. Teknologia ez, baizik haren erabilera dela txarra sinetsarazi nahi digu garapenaren kredoak. Ez, ez dago armen erabilera onik inongo gudatan. Armak ekoizteari utziko bagenio, ez litzateke erabiltzeko aukerarik izango. Pentsamendu inozoa dela ezin ukatu, baina desiretan eta ametsetan galtzea eskatzen zaigun garai honetan, zilegi begit nirea plazaratzea.

Euskal Herrian, armez gain, gudetan erabiltzen diren makinen piezak ekoizten dira. Ez bat eta bi. Dozenaka dira armen industria hornitzen duten enpresak. Mina egiten dit jakite hutsak, aldian-aldian akordatzen bainaiz telebistako berriak ikusterakoan. Gurea ere bada hedabideek erakusten dizkiguten sarraski odoltsu horien erantzukizuna, eta gizarte bezala ez du horrek gure alde ezer onik esaten. Asmatu behar dugu bestelako teknologiekin bizitzen.

Euskal Herrian asko dira azken urteotan galdutako borrokak. Baina irabazitakorik ere izan da, eta horien artean hizki larriz azpimarratu beharko litzateke intsumisioarena. Espainiako ejerzitoari planto egin zioten mutilen balentria ez zela behar beste aitortua izan pentsatzen duenetarikoa naiz. Derrigorrezko soldadutzari ezezkoa emateko arrazoi ezberdinak zituzten, baina denek Espainiako armadaren kontra egin zuten, eta gehienek armen erabilera deitoratzen zutelako. Nire eskerrik beroena haiei eta haien ondoan borrokatu zuten (genuon) guztiei.

Arabiara armak garraiatzen laguntzeari uko egiteagatik zigortutako suhiltzailea ere akorduan dut. Bilboko portuan egin zion planto bonben garraioa zaintzeko eman zioten aginduari duela ez hainbeste urte. Nire miresmenik handiena harentzat ere, eta halakoak egiten laguntzen duten gainerakoentzat, nola ez.

Baina, portaera eredugarri hauek lagungarri diren bezala, badira kezkatzeko modukoak, bereziki festa giroari lotutakoak. Iaz bezala aurten ere, hedabideetan Tolosako sanjoanetan ospatzen den alarderako eskopetak falta izan dituztela helarazi ziguten hedabideek. Festa horien aitzakian Euskadi Irratian Tolosako alardeko arduradun bati egindako elkarrizketari esker jakin genuen eskopeta gutxitxo dituztela gero eta gehiago diren eskopetarientzako. Eibarren eta eskuz egiten diren eskopetak izanda, kopuru jakina egiteko gaitasuna omen dute, eta udalak eskopeta horiek erosteko dirua ematen badie ere, ezin omen dituzte nahi beste eskuratu.

Urte erdi pasa da entzundako elkarrizketa hark zur eta lur utzi ninduenetik. Udala herritarrei armak erosteko dirua ematen? Tolosa ez da, gainera, suzko armekin alardea antolatzen duen herri bakarra; badira ospakizunengatik baino, istiluengatik ezagunagoak diren beste batzuk ere. Istiluak istilu, normaltzat dauzkagu militarrez jantzita, oinez eta zaldiz, tiroka bibak eta salbeak eginez ospatzen dituzten ikuskizun horiek.

Ohiturak eta tradizioak aldatzeko daudela pentsatzen dutenetarikoa naiz, baldin eta adierazten dutenak ez badu gizartearen aurrerapenean laguntzen. Ejerzitoen eta armen normalizazioak (antzerki, parodia edota simulazio bidez izanagatik) ez du bakearen aldeko kulturan laguntzen. Historia gogoratzea beti izango da gure mesederako, baina gatazkak, gudak eta bestelako miseriak ulertzeko bada, ikuspegi kritikoarekin mesedez.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi datozen egunetan hainbat etxetan umeei egingo zaizkien opariak. Soldaduak, heroiak eta plastikozko armak zein gudako makinak jarriko dituzte mutiko askoren eskuetan. Ez haien mesederako.

Olentzerok ondo portatu denari oparia eta gaizki portatzen denari ikatza ekartzen diola erakutsi ziguten etxean. Erregeei ez, erregeei eskatu egiten zaizkie opariak Zarautzen, errenkan zain egoten dira umeak Bizarzuriri opari zerrenda eskuratzeko.

Badago aldea egindakoa aitortzetik falta edo nahi dena eskatzera, baina batarekin zein besteekin oroitzen denaren gogoak jatorri bera du: desira. Balio beza gutuntxo honek Belendik etortzen omen diren errege haiei lur hartara bakea eramatea eskatzeko.

Olentzerok berriz, opari ederra egingo lidake gure mendiak, basoak eta belardiak bezala, errekak eta itsasoa makinez, errotez, bestelako gailuez eta hormigoiz betetzea helburu duten lege eta arauak ikatzetan erreko balitu. Ondo portatu naiz…

Eguberriak ekarriko al digu argi(eta)indarra oldarraldi txikitzaile honi erantzuteko. Mendiak (eta herriak) aske!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide