Horixe da Arantxa Tapiaren sailaren apustu berria, 2019an Urkullu lehendakariak larrialdi klimatikoan gaudela jakinarazi ondoren, egoera horri izkin egiteko aterabidea, nonbait. Batak zein besteak ordezkatzen duten alderdi politikoak azken legealdi honetan ingurumenarekiko edota natur kontserbazioarekiko zein biodibertsitatearekiko erakutsi duten jarrera ikusita, zertaz ari diren ulertzen ote duten da egin beharreko galdera.
Pandemia aurreko udan egin zuen agerraldia Urkullu lehendakariak gidatzen duen Jaurlaritzak, klima larrialdiaz hitz egiteko. Ohituta behar genukeen arren, urte gutxi behar izan ditugu serio, oso serio, hitz egin zigun lehendakariaren hitzak haizeak nola eraman dituen (edo eramatea nahi duten) ikusteko. Trantsizio energetikoaren legearen aurretik dagoeneko tramitazio bidean jarri duten energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala irakurri besterik ez dago, haize boladaz haize bolada, nola nahastu nahi gaituzten ondorioztatzeko.
Ariketa zaila da, izan ere, proposatzen zaiguna. Jaurlaritzak sinetsarazi nahi digu gure energia beharrak kanpotik ekartzen ditugun erregai fosilak bestelako energia iturriez ordezkatuta aseko ditugula. Europako energia kontsumo handienetarikoa duen eta munduko batez besteko gas isuriak bikoizten dituen populazioa garela jakinda, deskarbonizazioan, alegia teknologian, daukate fedea gure agintariek.
Zein da, bada, Tapiak saldu nahi digun miraria? Idazten ari diren lege berriari esker, 2050. urtean atmosferara isuriko dugun CO2 kopurua xurgatuko dugunaren parekoa izatea; alegia, gure karbono aztarna 0 bihurtzea.
Gertatu, gerta liteke (gertatuko da), baina ez teknologiari edota lege berri horri esker. Energia gaietan adituak direnek behin eta berriz ohartarazi digutenez, jatorri fosileko energia iturrien gainbeherak, agortzeak (edota lurzorutik ateratzea ekonomikoki errentagarria ez izateak), ekarriko du erregai horien erreketatik isurtzen ditugun gasen gutxitzea. Egun dugun energia kontsumoa, gehienbat jatorri fosiletatik lortutakoa, Tapiak agintzen digun trantsizioaren bidez mantentzea ezinezkoa da, ondo dakiten bezala.
Arrazoiak hainbat dira, baina bada gainditu ezin dugun eta begi bistakoa den bat: planetaren muga fisikoak. Trantsizio hori egiteko, alegia, jatorri fosileko energia iturriak energia berriztagarriekin ordezkatzeko behar den eraldaketa teknologikoa egiteko baliabide mineralik ez daukagu hemen, eta kanpotik ekarri nahi izanez gero, badago gu baino lehenagokorik (atzoko berria da Ameriketako Estatu Batuek mila milioi dolar gastatu dituztela errusiarrei uranioa erosteko; alegia, errusiarrekin komertzioa etetea eskatu duten berak dira aholkuak dituztenak salgai, baina eurentzat ez dituztenak nahi).
Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.