Urtea bukatzen ari den honetan, atzera begira jarrita, urteko lehen artikulua auzolanarekin bataiatu nuela oroitu dut. Artikulu horrek azken urteotan hitz honi eman zaion erabilera interesatua erakustea zuen helburu, gure tradizioan gaurdaino mantendu duen garrantzia desitxuratuz. Urtea bukatzeko ere ez da hitz txarra, natur taldeotan behar beharrezkoa baitugu oraindik herritarren laguntza, alegia, benetako auzolana, natur kontserbazioan eragin nahi badugu.
Arkamurka natura elkarteak bi aldiz deitu ditu herritarrak auzolanera aurten: otsailean, Iñurritzako Biotopoko erreka ertzak garbitzeko eta urrian, Aldundiak moztutako kanaberak bildu eta hortik ateratzeko. Azken honetan herritarrek erakutsitako borondatea ez da makala izan. Lan eskerga zegoen egiteko baldintza txarretan. Aurretik moztu eta bertan utzitako kanaberak sasiak hartzen hasiak zeuden eta, horretan ibili denak dakienez, kanaberak moztutako eremuetan ibiltzea ez da erosoa, moztutako kanabera horiekin estropezu egiteko arrisku handia izaten delako. Auzolanera etorritako hainbat lagun beso eta hankak zauriz beteta bueltatu ziren etxera. Eskerrik beroenak gure aldetik, erakutsitako eskuzabaltasunarengatik.
Hau guztia argi utzita, horrelako ekintzen inguruan altxatzen diren kontrako ahotsei arreta jartzea interesgarria izan liteke; azken urteotan inoiz baino ozenago entzuten direla irudituta.
Batetik, zenbaitek uste du «bazterrak garbitzea» administrazioaren lana dela. Horren aurrean, esan liteke, ez bagenitu zikinduko, ez legokeela garbitzen lanik. Baina, egia da aldi berean, estolderiaren mantenurako eta hondakinen kudeaketarako ordaintzen ditugun zergez gain, tokiko administrazio guztiek dituztela kaleen eta herri-azpiegituren garbiketarako baliabideak euren aurrekontuetan.
Natur kontserbazioa Aldundiaren eskumena da, neurri handi batean. «Diputazioaren» esku utzita dauzkagu mendiak eta eremu naturalak. Biodibertsitatearen zaintza Aldundiari dagokiolakoan, kanabera bezalako espezie inbaditzaileen kontrola haren lana dela diote besteek, horretarako nahikoa baliabide dituelakoan.
Batzuen eta besteen ikuspegia ulergarria izanda ere, ez da lagungarria aurrean dugun erronkari erantzuteko. Batetik, egun Jaurlaritzan eta hiru Aldundietan agintean dauden alderdi politikoentzat, natur kontserbazioak ez du lehentasunik. Hainbesterainokoa da biodibertsitatearen kontserbazioarekiko erakusten duten arduragabekeria, euren agendetan ere ez dagoela gai hau.
Honen adibide argia da, azken urteotan, guztion begi bistan lehertu den basogintzaren krisia: Aldundiak gure lurraldearen % 60an eragiten duen basogintza, monolaborantza intentsiboa helburu duen egurgintza sektorearen mesedetan kudeatu du, epe motzeko irabazien truke lur galera izugarriak eraginez.
Egun hauetan ari da ospatzen Kanadan, Mundu Mailako Biodibertsitatearen gailurra (COP15). Gailur hauen eraginkortasunaz luze hitz egin daiteke, eta ez, ziurrenik, oso modu positiboan. Baina gaiak hedabideetara ekartzeko bada ere, balio dute. Larriak dira foro horietatik azaleratzen ari diren datuak: besteak beste, Naturaren Munduko Foroak (WWF) aurkeztu duen azken txostenaren arabera, 1970eko hamarkadaz geroztik, batez beste % 69 gutxitu da basa animalien kopurua. Izan ere, nahiz eta begiak krisi klimatikoan jarrita ditugun, aspaldi jakinarazi ziguten zientzialariek biodibertsitatearen 6. iraungipen masiboa bizitzen ari garela.
Montrealen ospatzen ari diren Gailur horretara, hainbat konpromiso hartuta iritsi da Europako Batasuna. Duela bi urte argitaratutako Europako Batasunaren 2030erako Biodibertsitate Estrategiak dituen helburuen artean daude, besteak beste: Europako itsas eta lehorreko azaleraren % 30 babestea Natura 2000 sareko eremuak handituz; degradatuta dauden habitatak berreskuratzea, plagiziden erabilera %50 murriztea eta milioika zuhaitz landatzea. Baita biodibertsitatearen babesa diruz laguntzea ere.
Euskal Herri osoan zaurgarrienetarikoak diren eta Iñurritzako Biotopoan babestuta dauden dunen kudeaketa ikusi besterik ez dago, gure administrazioari honek guztiak zenbat axola dion ikusteko. Batere ez. Gustura dabiltza golf jokalariak gaur bai eta bihar ere bai, bertako landareak zapaltzen. Belardietara botatzen dituzten ongarri, pestizida, plagizida eta bestelakoez, zer esan…
Gaur gaurkoz, auzolana ezinbestekoa dugu natur kontserbazioaren eremuan. Izan landaketen bidez basoak berreskuratzeko, garbiketa kanpainak eginez erreka eta mendiak garbitzeko, edota bulegoko lanak eginez administrazioaren eta enpresa pribatuen ekimenak saihesteko; herritarren parte hartzea da administrazioaren utzikeriari aurre egiteko daukagun bide bakarra. Horregatik bukatu nahi dut urte honetako azken idatzia, auzolana eskatuz eta eskertuz.