Euskadi, auzolana

Gezur bat behar beste aldiz errepikatuta, egia bihurtzen omen dela dio propaganda-lege batek. Sarean irakurri litekeenez, psikologian badu gertaera horrek azalpena. Euskal Autonomia Erkidegoan azken bi legealdietan Jaurlaritzaren prentsa-estrategiaren bonbardaketak gogaituta, urteko estreinako artikuluarentzat ez da izenburu txarra. 

Auzolanak tradizio luzea du gurean. Asko dira arrazoiak: pragmatikoak, estrategikoak, sozialak, kulturalak… Baina bada politikariei gogoraraztea gustatzen ez zaien zerbait: herri zapalduan, nortasunaren defentsan, administrazioek bete beharreko ardurak herriak hartu behar ditu bere gain, denboran biziraun nahi badu. Auzolana ezinbestekoa bihurtzeko arrazoiak politikoak direnean, zapalkuntzaz edo kolonizazioaz hitz egin beharko litzateke, lasai. Hori azpimarratzeko erabiliko ote du Euskadi, auzolana leloa, Jaurlaritzak? 

Hori horrela balitz, pentsatzekoa litzateke, auzolanaren bidez, gure herriaren normalizazio politikoa, autodeterminazioa, eskuratu nahi dutela EAJ eta PSE-EE alderdi politikoek. Baina berriki PSE-EEko presidente izendatu duten Eneko Anduezak esan du adostutako erreferenduma legez kanpokoa litzatekeela; beraz, ez dirudi gobernu-koalizio horren kideak, normalizazio politikorako bidean, herritarrekin auzolanean aritzeaz ari direnik.

Arrazoi politikoak baztertuta, sozialetan jar daiteke arreta. Auzolanak helburu kolektiboa eskatzen du; izan liteke pertsona bakar baten mesedetan edota kolektibo edo talde baten alde egiteko. Baina auzolanera biltzen direnek helburu horren alde egiten dute. Zein da, bada, EAJ-PSE-EE tandem horrek proposatzen duen helburua? Zeintzuk helburu horren bila biltzen diren partaideak? 

Auzolanerako deiaren arrazoiak ulertu ezinik, lelo horren gaztelaniazko bertsioa argibidea delakoan nago. Kuriosoa baita oso Jaurlaritzak nola itzuli duen bere informazio eta komunikazio jardueretarako idazpurua: «Euskadi, bien común» dio, ez «trabajo en común» edo «trabajo comunal». Gaztelaniaz, guztiz zentzugabetu da euskaraz hain tradizio luzekoa izan den eta horren garrantzi sinboliko handia duen jarduera. Zer esan nahi digu Eusko Jaurlaritzak lelo horrekin: auzolanean ari dela edo guztiontzako ongizatea sustatzen duela? Lehenak ez baitu zertan bigarrena eragin. Eta bigarrena lortzeko, ez dago zertan lehenean aritu. 

EAJ alderdi politikoaren propagandarako gaitasuna ez dago zalantzan jartzerik, gaur. Ikusi besterik ez dago zenbat milioi bideratzen dituen morrontzan lan bikaina egiten ari zaizkion hedabideetara. Horretarako sortuko ditu, noski, lelo horiek. Baina susmoa dut azken legealdi hauetan begi, aho eta sudurretik sartu nahi diguten lelo horrek sinesgarritasun osoa galdu duela, euskarazko bertsioan  ez ezik, gaztelaniazkoan. Bai, bederen, ingurumenari eta natur kontserbazioari bideratutako kontuetan.

2019ko udan, Urkullu lehendakariak bere Gobernukideen aurrean eta solemnitate osoz, Klima Aldaketaren Larrialdiari buruzko adierazpen instituzionala irakurri zuen. Adierazpen horren hasieran, hauxe agertzen da: «Euskadi erkidego aitzindaria da garapen jasangarriaren aldeko konpromisoan, ingurumenarekiko errespetuan eta klimaren aldaketaren aurkako estrategian. Erakunde publikoek bultzatutako ekimenek euskal gizartearen babesa izan dute beti, euskal gizarteak kontzientzia eta konpromisoa erakutsi baititu helburu global honekiko».

Esaldi bata zein bestea artikulu honen izenburuan ageri den leloa bezain faltsuak dira. EAEren ingurumenarekiko errespetuaren argazkirik fidelena Zaldibarko zabortegiaren hondamendiak erakutsi digu. Ortuzar jaunak AHTari buruz esandakoak gaineratuta, zaila da sinestea EAJk azken 40 urte hauetan agindu duen erkidego honetan «bien común» hori ingurumenarekiko errespetuan oinarritu denik.

Bigarren esaldia are lotsagarriagoa da. «Erakunde publikoek bultzatutako ekimenek euskal gizartearen babesa» izan dutela beti dio. Hori horrela balitz,  Tapia sailburuak ez luke zertan Euskadiko Ingurumen Administrazioaren legea aldatu, udalei jarduera-baimenak emateko eskumena kentzeko. Tapia legearen helburu nagusia hori baita: Jaurlaritzak berak interes gorenekoak izendatzen dituen proiektuak inposatzea, herritarrek eta herri eragileek udaletan egin dezaketen presioa saihesteko.

Leloak lelo, beti bezala, herritarrok jarraitu beharko dugu auzolanean naturaren eta bioaniztasunaren defentsan; horrela baino ez dugu eta lortuko ongizatea, guztiontzat. Izan ere, lelo horretatik oso urrun daude Eusko Jaurlaritza ez ezik, bi alderdi horiek agintean dauden gainerako administrazioak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide