Halaxe antolatzen dugu lurraldea, administrazioak legeak eta arauak bestelako norabidean egiten direla sinetsarazi arren. Oraindik orain, erreka ertzetan, errekari lapurtutako eremuetan, eraikitzen ditugu mota guztietako azpiegiturak ez ezik, eraikinak.
Baina, egunotan ikusi bezala, ohiko neurrietatik haratago, euri pixka bat egiten duenean, uholdeez hitz egiten hasten gara han eta hemen, urak bere lekua hartzen duen aldiro erakusten digun errealitatea ikusteko itsututa. Halakoetan, urbanistek, ingeniariek eta arkitektoek aurresan ezin ziren gertaera ezohikoez hitz egiten digute, obra horiek egiteko baliatu dituzten kalkulu matematikoen mugak ezkutatuz.
Lurraldearen antolatzaileek, hormigoiarekin okupatutako eremu horien izaera denboraren hasieratik egun den bezalakoa delakoan hitz egingo digute, jainkoak mundua egin zuenean diseinatutako orografian naturak eraginik izan ez balu bezala.
Natur ingurunea zizelkatu duten elementuak prozesu errepikakorrak eragiten dituzten indarren baitan antolatzen direla erakutsita ere, prozesu horien ondorioak paisaian eta orografian izandako eraginak begi bistan jarrita ere, iraganeko fenomenoez hitz egingo digute, teknologia ondo aplikatuta gaindi daitezkeen baldintzez. Total, gertatzen denean, errekak bere lekua hartzen duenean, eragindako kalteak guztion diruarekin ordaintzen direnez, nola eutsi tentazioari: erreka ertzetako lautadak baliotsuegiak dira lurraldearen antolatzaileentzat, bere horretan, naturaren kapritxora uzteko.
Beste behin ere, lurraldearekiko begirada hori gailendu da Zarautzen. Jakin berri dugu udalak, EAJ eta EH Bilduren bozekin, Eguzki-Izar eremua urbanizatzeko plangintzari baiezkoa eman diola. Udalak eremu horri ematen dion izen teknikoak agerian uzten du bere kokapena: 13.2-OR Iñurritza-area. Ez da edozein eremu, Iñurritzako Biotopoa mugatzen duen errepidearen beste aldean dago Eguzki-Izar, Iñurritza errekak lehorretik itsasora egiten duen bidean. Hantxe dauka Amenabarrek, aspalditxoan, ia itsasotik ikus litekeen kartel izugarria hor eraikiko dituen etxeek izango dituzten bistak erakutsiz. Noski, kartelean ez da nabarmentzen etxe horiek N-634 errepidearen eta trenbidearen artean eraikiko direla. Zuhaitzek tapatuko dute deskalabrua.
Zarauzko Hirigintza Plan Orokorra onartu zenean, uholdegarritasun arriskuen legedia garatu gabe zegoen. Baina ordurako Europan onartuta zegoen estatu guztiak legedi horren garapenera behartuko zituen arteztaraua. Egun, mapa horiek garatuta daudenean, herriaren zati handi bat urpean gelditzeko arriskua ezagutarazi zaigu. Urbanizatutako eremuetan hori gainditzeko betelanak egin dira, baina errekak aldiro-aldiro erakusten digu gure herriaren izaera.
Geroztik, klima aldaketa eragiten ari den itsas mailak ekar ditzakeen arrisku mapak ere garatu dira gure kostaldean. Zarautz eta Bermeo identifikatu dituzte arrisku handieneko eremu gisa.
Hamaika aldiz eskatu zaio udalari ZHAPOa ingurumen arrisku horien baitan eraldatzea, baina ez dago modurik. Errazagoa da, antza, plan bereziak egitea: Plan Orokorra aldatu gabe, enpresen zerbitzuak ordainduz plan horretan aurreikusi ez ziren proiektuak bideratzea. Izen ezin aproposagoa dauka Eguzki-Izar eremua eraikitzeko ingurumen dokumentu estrategikoa egin duen enpresak: Asmatu S.L. Horixe egiten asmatzen baitute enpresa horiek guztiek, ingurumen arriskuak gainditzeko legedia gainditzeko arrazoiak eta aitzakiak asmatzen.
Krisi ekologiko globala bizi dugula onartuta, ahoa betetzen zaie gure agintariei garapen jasangarrirako helburuekin. Helburu horien artean jasota dago lehorreko eta itsasoko ekosistemak, eta beraz, bioaniztasuna zaintzeko konpromisoa. Zarautzek aukera ezin hobea dauka horretarako, ekialdean. Egun Iñurritzako Biotopoa dena Irita eta Astiraino zabaltzeko eskaera aspaldi egin du Arkamurka natura elkarteak. Errekak korridore ekologikoak dira, bioaniztasunak lurraldean zabaltzeko dituen zainak. Iñurritza erreka da Zarautzek duen zainik handiena eta baliotsuena, bere ertzak berreskuratzea da ingurumenaren alde, eta beraz, onura publikoaren alde egin dezakegun ahaleginik handiena. Iritan egin duguna, zergatik ez Eguzki-Izarren?
Pauso bat aurrera eta bi atzera. Horixe da ingurumenaren eta natur kontserbazioaren aldeko dantzan administrazioak markatzen duen pausoa. Beste behin ere, guztion kalterako.
Zarautzen badago herrigunean lekua etxeak eta hotelak eraikitzeko, Eguzki-Izar okupatu gabe. Berandu baino lehen, erabili dezagun zentzua.