Irrati esatariaren galdera elkarrizketatuari: noiz saltzen dituzue agenda gehiago, urte hasieran edo sasoi honetan, ikasturte hasieran? Galdera bera egiteak, adierazten du, irailak egutegian duen garrantzia; dirudienez, ikasleentzat eta irakasleontzat ez ezik, baita gainerako herritar askorentzat ere.
Sasoi honetan ohikoa denez, hedabideak eta saltokiak «eskolara buelta» egiteko beharrezkoak ei diren materialez, arropaz eta gainerakoez bete beteta daude. Eskolaratzearen kostuak dira hizketa gai, han eta hemen; aurten, iaz bezala, «COVID 19-aren aurreko prebentzio-neurrien» argibideekin. Baldin eta hala izendatu badaitezke, bederen, koronabirus famatu honen kudeaketarako hartu diren eta hartzen ari diren neurriak. Ez baita erraza, alajaina, zeregin horretan gure agintarien helburuak eta bitartekoak ulertzea.
Aste honetan berrartuko dituzte gazte eta gaztetxo gehienek eskolak. Eusko Jaurlaritzako ordezkarientzat berri ona da hori, euren aurreikuspenen arabera, udan kale-edanaren ondorioz gazte eta gaztetxoek eragindako istiluak gutxituko direlako. Ez dutenez argitu zertan oinarritzen den gertaera bataren eta bestearen arteko harremana, galderak eragiten ditu argudioak.
Kale-edanari utziko diote gazte eta gaztetxoek, ikastetxe eta unibertsitateetan jasoko duten heziketari edo informazioari esker? Ez dirudi. Pandemiaren aurretik kale-edana zen euren aisialdiaz gozatzeko jarduerarik ohikoena, eta aurrera begira ere, hala izaten jarraituko du gizartearen ohiturei (euren gurasoenei, esaterako) jarraitzen badiete. Horretarako, gainera, aliatu bikaina dute administrazioa; iragan hurbilean eta gaur-gaurkoz, adin horretan aisialdiz gozatzeko bestelako aukerak sortzeko bidelaguna baino, etsaia.
Gazteek gazteentzat sortutako gune autonomo eta autogestionatu guztien kontra indar betez aritu izan dira, beti, gure herriko administrazioak. Aurreko astean bertan, Espainiako Poliziak Errotxapeako gaztetxea hustu zuen. Zenbaitek esango du hori idaztea ez dela bidezkoa EAJk Zarauzkoa lekuz aldatzeko egin duen ahalegina aipatu gabe. Eskertzekoa da, nola ez, Zarauzko Udalak eraikin berriak egiteko onartutako hirigintza planaren ondorioz botatako gaztetxearentzat leku berria eskaini izana; baina, zer gutxiago! Inoiz ez da berandu, herri honetan izan diren gaztetxeak mantentzeko egin den lana aitortu eta horietan lanean ari direnei merezi dutena emateko.
Jaurlaritzan, aldundietan eta eskualde buruak diren hiri eta herri guztietan daude gazteri sailak, dagozkien teknikariekin. Pandemia garaian, gizartean parte hartzeko inoiz baino zailtasun handiagoak izan ditugun garaian, zein ekarpen egin dira sail horietatik gazteen gizarteratzeari begira? Egon al da estrategiarik kirol edota kultur jarduerak gauzatzen laguntzeko, horretarako tresnak eta baliabideak eskaintzeko? Egin al da ahaleginik gizarte-eragiletzan euren parte hartzea sustatzeko? Eskaini al zaie egokitutako kultura-programaziorik, garai arraro hauen ihesbide gisa, esaterako? Sikiera, egin al da ahaleginik haiekin batera, kale-edana ez den bestelako jardura-ekintza-aukerak bilatzen laguntzeko? Gazte guztiak ez dira gaztetxe zaleak.
Jaurlaritzaren aurreikuspenekin jarraituz, horiek betetzeko beste aukera bat litzateke, gazte eta gaztetxoek kale-edanean jarraitzea, baina, istilurik eragin gabe. Hipotesi hori gauzatzeko onartu behar da ikastetxeetan istilu horiek eteteko heziketa jasoko dutela; alegia, ikastetxe edota unibertsitateetatik eskaintzen den heziketa eraginkorra izango dela kale-istilu horiek saihesteko.
Larria da, benetan, ikuspegi hori. Irakasleen ardurapean jartzen da pandemiaren kudeaketak hainbat gazteren eta gaztetxoen portaeran izan duen eraginaren ardura.
Ez administrazioak neurri prebentiboetan eragindako noraezak, ezta kontsumo basatian oinarritutako ekonomiak eta ongizatearen irudikapenak baldintzatzen duen bizimoduak; eta are gutxiago, polizi(ar)en jarrerak eta jokabideak haiengan duen eraginak. Agian, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek usteko dute, ikastetxeetan eta unibertsitateetan jasotzen duten heziketa dela, istiluetan parte hartu duten gazteek pandemia honen aurrean erakutsi duten jarreraren arduradun nagusia.
Ziurrenik, sinpleagoa da dena. Esan nahi dutena da, hemendik aurrera kale-istiluak aste barruan ez ditugula ikusiko, baizik eta asteburuetan, soilik. Normalitate berrira bueltatu garela, alegia. Edo?