'Aurrekontu irekiak 2021 eta basogintza'

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskutitz dotorea bidali du etxeko postontzietara: koloretan inprimatutako tamaina handiko orria, norbere aukeraketa bideratzeko esku-orri txiki batekin eta orria sartzeko gutun-azalarekin. Kontuan izanda herrialde honetan 348.000 etxebizitza inguru daudela, eta Aldundiak herritarrek aukeratutako proiektu horiekin gehienez 1.000.000 euro gastatzea aurreikusten duela, merezi du halako gastuak materialetan zein dirutan? 

Baten batek pentsatuko du milioi bat euro ez dela gutxi; ez, noski! Baina komeni da zehaztea dirutza hori  Gipuzkoako aurrekontuaren % 0,02 baino ez dela. Horixe da Aldundiak egindako  «partaidetza eta entzute aktiboaren aldeko apustuaren» neurria. «Denona erabakia. Denona etorkizuna», jartzen du esku-orriak, baina proposamenak ekimen sozialetik baino propagandatik gehiago duela pentsatzeko arrazoirik ez da falta.

Jasotako informazioaren mamian sartuta, «herritarren proposamen batzuk kategoria desberdinetan multzokatu eta proiektu bihurtu ditugu», dio. Proiektu horien artean, bada bat arreta berezia merezi duena: «Gipuzkoako basoen kudeaketa integral eta iraunkorrerako erakunde bat» sortzea. Izan ere, izenburua eta azalpena nahasgarriak dira.

Hasteko, erakunde hori sortzeak basoen abandonuari aurre egiten lagunduko lukeela esaten da. Basoak berezko ekosistemak dira eta, horrexegatik, ez du inolako zentzurik «basoen abandonuaz» hitz egiteak. Abandonatu belardiak, larreak, soroak, pinudiak eta, oro har, baserriak egin dira. Basoak berez etortzen dira abandonatutako eremu horietan. Basoek ez dute gizakiaren beharrik modu naturalean sortzeko, garatzeko eta heltzeko; egitura eta bioaniztasunaren konplexutasun maila goreneko egoera ekologiko ona lortzeko. Basoen kudeaketa integral eta iraunkorrerako oinarri nagusia hori da: modu naturalean berreskuratzen uztea edota laguntzea. 

Ondoren esaten da Gipuzkoako paisaia zainduko lukeela. Lurralde honen paisaia, ia osotasunean, antropizatuta dago: gizakiak mendeetan eraldatutako eremua da. Zer da, bada, zaindu nahi dena? Gaixotutako pinudi azalera handi horiek eragiten duten tristura? Eukaliptoek eta bestelako pinuek belztuko diguten paisaia? Bestalde, baserriaren gainbeheraren ondorioz, gero eta zelai, soro eta belardi gutxiago ditugu. Egurgintza helburu duen monolaborantza sustatzeko itxura daukan erakunde horrek paisaiaren degradazioa emendatu baino ez du egingo.

Hurrengo esaldian basoa herritarren aisialdirako erabilgarriago egingo lukeela dio. Erakunde horrek sustatuko duen kudeaketa intentsiboak mendi-pista zabalak eskatzen dituelako, pista horietan zehar ibiltzea erraztuko dela esan nahi ote du? Hala balitz, ezin da justifikatu erakunde hori basoen kudeaketa integral eta iraunkorraren arrazoipean. Iruzurra litzateke.

Ekonomia zirkularra bultzatuko duela ere esaten da, Gipuzkoan zura (0 km eta lehengai berriztagarria) ekoiztea sustatuz. Monolaborantzan  oinarritutako kudeaketa intentsibotik lortutako egurra baliagai berriztagarria dela esatea, ez da zuzena. Kudeaketa eredu horrek, bioaniztasunaren galera ez ezik, lurzoruaren galera edota pobretzea eragiten ditu. Basogintzak  bestelako kudeaketa eredua eskatzen du, egurra baliabide berriztagarria izango bada. 

Bukatzeko, CO2 xurgapena handituko litzatekeela esaten da. Esaldi horrek, horrela aipatuta, ez du ezer esan nahi. Modu intentsiboan ustiatutako zuhaiztietan faktore askoren menpe dago karbonoaren zikloa. Edonola ere, frogatuta dago baso helduak direla klima aldaketaren kontrako borrokan karbono balantze mesedegarriena dutenak.
Horregatik guztiarengatik eskatu zaio Aldundiari proiektua argitzea, izenburuan «baso» hitzaren ordez zuhaitz landaketa edo zuhaitz estaldura erabiltzea; gainerakoan iruzurra egiteko arriskua baitago, basoa berreskuratzeko delakoan, monolaborantza sustatuko duen proiektuari boza emateko arriskua, alegia.  
Azkenik, bada aipatzea merezi duen beste kontu bat. Pinudien, eta oro har, basogintzaren krisiaren aterabide gisa, Aldundiak joan den udazkenean aurkeztu zien baso jabeei helburu bera (basoen abandonua ekiditea) duen Basotik elkartea sortzeko asmoa. Aldundiak argitaratzen duen Gure Lurra aldizkariaren urtarrileko zenbakian irakur daitezke horri buruzko argibideak: besteak beste, milioi bat euro jarriko dituztela elkartea sortzeko.  

Hau guztia ikusita, Aldundiak Gipuzkoako basoen kudeaketarako erakunde bat sortzeko proposamena herritarrengandik jaso duela sinetsi behar al dugu?

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide