Lehenengoaren kasuan, lagunaren zain zegoen bitartean, bi udaltzainek kargu hartu zioten. Haietako bat gaztelaniaz zuzendu zitzaion, eta herritarrak euskaraz erantzun zion. Udaltzainak orduan, tonu oldarrean, euskaraz egitea “errespetu falta” iruditzen zitzaiola esan zion, eta berari gaztelaniaz egiteko. Haren udaltzain-kideak bazekien euskaraz, baina ez zion lankideari itzulpenik egin, eta herritarrari adierazi zion gaztelaniaz erantzuteko. Herritarrak euskaraz tinko jarraitzen zuela ikusita, udaltzainak isuna jartzearekin mehatxatu zuen. Herritarrak azkenean, iskanbilarekin ez jarraitzegatik, alde egitea erabaki zuen. Bigarren herritarrak ere antzeko egoera bizi behar izan zuen.
Udaltzaingoa sektore publikoa da, herritarren zerbitzura dagoen erakundea; beraz, ezinbestean herritarren hizkuntza eskubidea errespetatzea dagokio. Horrez gain, Zarautz UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da, hau da, euskararen arnasgunea da. Herritarren zerbitzura dagoen langileak euskaraz jakin behar du, eta ez badaki herritarrak euskaraz egin dezan ahalbidetzeko irtenbide bat eman.
Egun horretan, ordea, euskararekiko mespretxuz zein jarrera autoritarioz aritu zen udaltzaina, eta hori salatu behar dugu. Gainera, kezkagarria iruditu zaigu udaltzainak euskararekiko adierazi zuen atxikimendu eza, kontuan izanda, Zarautzen euskaraz herritarren %85ak dakiela, eta hizkuntza-erabilera %50,5ekoa dela. Lanpostu publiko horretan arituko denak herritarren hizkuntzak ezagutu eta erabili behar ditu. Horregatik, uste dugu udalak hainbat baldintza ezarri behar dituela hautaketa-prozesuan, eta baldintza horiek benetan betetzen direla bermatu.
Ziur gaude bi kasu hauek ez direla bakarrak, eta halakorik bizi izan duen oro gurekin harremanetan jartzera gonbidatu nahi dugu.
Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz