Zortzi kidek osatuko dute Berme Batzordea.
Honakoek:
· Esther Agirre (Basauri, 1970). Zuzenbide ekonomikoan lizentziatua da. Ogasuneko teknikaria. Legebiltzarkide ohia. Giza Eskubideen arloan aritu izan da. Genevan Nazio Batuetako Torturaren Kontrako Batzordean Espainiaren aurkako kasua irabazi zuen. Abokatuen Elkarteko kidea ere bada. Aspaldidanik Zarautzen bizi da.
· Juanjo Alvarez (Zumaia, 1964). Abokatua eta kontseilaria. Nazioarteko Zuzenbidean Katedraduna da, eta irakaslea EHUn. Eusko Ikaskuntza saria jaso zuen 2015ean. Europako Batzordeak askatasun, segurtasun eta justizia alorretarako izendatutako aditu independentea da. Bergarako UNEDen zuzendari akademikoa izan zen, eta gobernantza idazkaria ere bai Aieteko Bakearen Etxean. Aspaldidanik Zarautzen bizi da.
· Andoni Eizagirre (Zarautz, 1979). Filosofian doktorea da, eta Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien fakultatean irakaslea eta ikerlaria da. Hainbat ikerketa lanen egilea eta idazlea. Soziologoa.
· Mikel Elorza (Zarautz, 1966). Abokatua eta aholkularia da. Hainbat urtez kulturgintzan aritu da bidelagun, Alproja taldean eta Susa argitaletxean, esaterako. Euskarazko literatura eta internet uztartzeko hainbat proiekturen arduradun izan da.
· Amagoia Gurrutxaga (Matxinbenta, 1971). Kazetaria da ogibidez. Ia 30 urte daramatza euskarazko hedabideetan lanean. Sasoi batean, Zarauzko kronista ere izan zen Egin egunkarian. Gaur egun, Berria egunkariko kazetaria da, eta tertuliakidea ETBko Ahoz aho saioan. Zarauzko Udalak eta Euskal Memoriak 2013an argitaratutako Zarauzko postalak. 36ko gerra liburuaren egilea da. Aspaldidanik Zarautzen bizi da.
· Iñigo Iruretagoiena (Zarautz, 1977). Gaur egun, Nazioarteko Zuzenbide Publikoaren irakaslea da EHUn. Gazteagoa zenean bertsolaritzan eta literaturan ere aritu zen, eta hainbat sari irabazi zituen.
· Joakin Landa (Zarautz, 1943). Zarautz Uri Batzarreko lehendakaria da gaur egun. Gaztaroan kultura, sindikalgintza eta politikako hainbat mugimendutan ibilitakoa da. Besteak beste, Irrintzi eta Mollarri taldeetan, eta Pagoeta Mendi Elkartean. Frankismo garaian jazarria eta atxilotua. Azken urteotan buru-belarri aritu da EAJn lanean. Gure Esku Dago ekimenaren Zarauzko lantaldean ere aritu da.
· Ainhoa Murua (Zarautz, 1978). Goi mailako igerilaria eta triatleta da. Olinpiar Jokoetan lau aldiz hartu du 2004, 2008, 2012 eta 2016 urteetan. Espainiako eta Europako txapelketetan lehen postuetan aritu izan da behin baino gehiagotan. 2007an Espainiako txapelketa irabazi zuen. Baita Getaria-Zarautz igeriketa proba sonatua ere.
Zarahitzek nabarmendu duenez, Berme Batzordeko kideak "hainbat arlotan eskarmentu eta gaitasun handiko herritarrak dira, eta herri galdeketa berme eta zuzentasun guztiarekin egiteko ardura ilusioz hartu dute". Dena dela, erronka ez da makala, prozedura osoa benetako herri galdeketa bati dagokion protokoloen arabera egingo dela bermatzea baitakar, horretarako beharrezkoak diren urratsekin: jarraipen teknikoa egitea, aurretiazko botoak jasotzea, sustapen eta jarraipen batzordeei aholkuak ematea, emaitzen berri ematea, bozketaren ondoren boto emaileen zerrendak eta nortasun agirien fotokopiak suntsitzen direla ziurtatzea, eta antzeko zuzentasun kontuak.
Hurrengo egunotan, Berme Batzordeko kideek Jarraipen Batzordea aurkeztuko dute. Jarraipen Batzordeak ere hainbat egiteko izango du maiatzaren 7an, hautetsontzietan. Besteak beste, boto kutxen segurtasuna bermatzea, boto zenbaketen emaitzak jaso eta helaraztea, eta abar. Jarraipen Batzordea osatuko duten herritarrak ere, hainbat alorretako zarauztar ezagunak izango dira oro har.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Zarahitz. Maiatzaren 7ko herri galdeketaren Berme Batzordea (PDFa).