BERTSOKILLER-A ZARAUTZEN (VII)

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2021ko uzt. 30a, 22:48

Krimen eta misteriozko istorio laburra. 10 aste, 10 kapitulu.

“Mutilaturiko gorpua azaldu da portuko kukañatik zintzilik”

                                                                                  -Urola kostako Hitza-

Azken bertso hura eskuetan, arima galdua bezala zebilen Tomax Zarauzko kaleetan. Eskuin betazala dardarka eta lerdea zeriola, hiru pausotik behin belaunek huts egiten zioten eta behin baino gehiagotan erortzeko zorian egon zen.    

            Kale nagusiaren hasierara iritsi zenean, Olaizola farmazia parean lurrean belaunikatu, besoak gurutzean ireki eta kalean barrena abiatu zen algaraka:

            -Zergatik niri? Zergatik?- zioen zerura begira.-Zigor nazazu nahi bezala baina amai dadila behingoz!.

            Belauniko arrastaka, oinaze batean, mukiak zurrupatuz eta biboteko ileak erauziz, merkatu plaza parera iritsi zen. Bertan gainbehera etorri eta lurrean uzkurtuta negar malkotan hondoratu zen.

            Bat-batean, ezohiko argitasun eta berotasun goxo batez inguratuta sentitu zuen bere burua. Ahots sakon batek -Tomaaaaax...Tomaaaax- dei egiten zion. Burua altxatu eta bere aurrean Basarriren bustoa, sugar artean baina erre gabe, bertsotan ari zitzaion!:

            Txikitako lagunak

            ez utzi azkena

            haiek izaten dira

            altxorrik onena

            haien eskutan dago

            zuk behar duzuna

            zure galderentzako

            dute erantzuna.

 

            Konortea berreskuratu zuenean, beste pertsona bat zirudien. Baserri inguratzen zuten sugarrek, bekainak, betazalak eta bibotea erre zizkioten eta belarrietan urtu zitzaion argizaria ere sorbaldetan gogortua zuen jada. Pasadan arraro begiratzen zion jendea kenduta, beste guztia beti bezala zegoen; Kale Nagusia, Dorre Luzea, bertako jolas parkea eta baita Basarriren bustoa ere. Ez zuen zirkinik ere egiten.

            Azken aurkikuntzak sorturiko zalaparta ikaragarriak bi ondorio zuzen ekarri zituen. Batetik herritarren haserrea, ondare publikoaren (portuko kukañaren) erabilera desegokiagatik eta bestetik presio mediatiko nabarmena. Kasuak, Urola Kostako Hitzako orrietan oihartzuna zuen jada eta Erlo Telebistako helikopteroek etengabe zeharkatzen zuten herriko zerua.

            Gauzak horrela, alkate jaunak ezohiko osoko bilkura deitu eta momentuko bi gai larrienak jorratu zituzten. Merkatu plazako sarrerako atean jarri beharreko txakur lokailuen kolorea eta Bertsokiller-aren kasua.

Hiru ordu behar izan zituzten lehen puntua erabakitzeko; beste bost, bigarrenari zegozkion neurriak hartzeko. Goizeko hirurak jota, alkate jaunak bere kabuz hartu zuen erabakia, izan ere zinegotzi bat bera ere ez bait zegoen bozkatzeko moduan. Batzuk deshidratazioz lurrean konorterik gabe zeuden, beste batzuk, beraien buruaz beste eginda, bilkura gelako gortinatatik zintzilikatuta eta bakanen bat komunean galtzak garbitzen, horrenbeste denboran komunera joan ezin izanagatik izandako eragozpenengatik.

Tomaxek hurrengo hiru egunetan hiltzailea topatzen ez bazuen, Zarauzko Hitzarako bekario mailara degradatu eta udal bilkurak transkribatzera zigortua izango zen hurrengo hiru legealditarako.

              Uztailak 7, San Fermin eguna. Goiza argitzearekin batera, hamar gizonezko australiarren buruak agertu ziren, hamarren multiplo ziren lehen hamar toldoen zutoinetan iltzatuta.
              Ez paperik, ez bertsorik.

            

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide