Hitzaldia: Frisiarrak eta Herrien Europa

Erabiltzailearen aurpegia Alkartasuna Elkartea 2018ko uzt. 5a, 09:41

Zarauzko Alkartasuna Elkarteak Alkartasuna Fundazioarekin batera antolatzen duen hitzaldia uztailaren 9an, astelehena, arratsaldeko 19etan Alkartetxean (Iturribide 20) izango da. Hizlaria Marlene Lore Christiansen izango da, Friisk Foriining kidea, eta SSW alderdiaren aholkularia Schleswig-Holstein Estatu Federaleko Parlamentuan.

"FRISIARRAK ETA HERRIEN EUROPA" Estatugabeko bi nazio Europan, muga politikoak zatitutako bi Herri, itsasora begira bizi diren bi lurralde. Euskal Herria eta Frisiaren arteko berdintasun eta ezberdintasunak -Hizlaria: Marlene Lore Christiansen / Friisk Foriining kidea, eta SSW alderdiaren aholkularia Schleswig-Holstein Estatu Federaleko Parlamentuan. -Aurkezlea: Begotxu Olaizola *Hitzaldia ingelesez izango da. Euskarazko itzulpen zerbitzua egongo da. Datorren astean Ipar-Frisiako 20 lagunek Euskal Herria bisitatuko dute gure herriaren egoera politikoa eta kultura hobeto ezagutzeko eta bi herrien arteko harremanak estutzeko. Frisiarra Ipar itsasoaren ertzean, Europako hiru estatuan banaturik bizi den herria da: Holandan, Danimarka hego-mendebaldean eta Alemania iparraldean. Bi milioi biztanle inguru dira eta bertoko hizkuntza friesisch edo frisiera da (biztanleriaren % 20 mintzo da frisieraz). Frisiarrek kultura eskubide batzuk badituzte Holandako estatuan (hizkuntza ofiziala da frisiera lehen mailako eskolan); Alemanian ez zaie inolako ofizialtasunik onartzen eta Danimarkan (1.000 frisiar inguru) hizkuntza eskubide indibidualak onartzen zaizkie. Bisitarien artean hitzaldia emango duen Marlene Lore Christiansen egongo da, Friisk Foriining kidea eta SSW alderdiaren aholkularia Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federaleko Parlamentuan. Berarekin batera, SSW alderdiko beste bost kide ere egongo dira. SSW alderdiak daniar eta frisiar minoria etnikoen interesak defendatzen ditu Ipar-Alemaniko estatu federal honetan eta Europa mailan, Eusko Alkartasunarekin batera, Europako Aliantza Libreko (ALE-EFA) kide da. Bisitaren lehenengo egunean, astelehena 9, Zarautzen izango ditugu. Goizean Zarauzko Alkartetxean harrera egingo zaie eta ondoren euskara ikastaro labur baina praktikoa jasoko dute Colloquial Basque (euskara ingelesaren bidez ikasteko egileen eskutik: Dr. Alan R. King hizkuntzalaria eta Euskaltzaindiako Gramatika Batzorde kidea eta Begotxu Olaizola irakaslea. Arratsaldean Eusko Alkartasunako eta EAL gazteko (EFAy) kide den Adrian Fuentesek Euskal Herriko egoerari buruzko tailerra eskainiko die. Ondoren, arratsaldeko zazpietan, Marlene Christiansenek irekia izango den hitzaldia eskainiko du hain gutxi ezagutzen den Frisiako errealitate politikoa nola haien hizkuntza eta kulturaren egoera ezagut dezagun. Hurrengo egunetan Tolosan egongo dira eta bertatik Martin Ugalde Kultur Parkea, Legebiltzarra eta Gernika bisitatuko dituzte besteak beste.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide