Merkatua Bizirik elkarteak hiru urte beteko ditu, eta urtemuga herritarrekin ospatzeko asmoz festa prestatu du ostiralerako. 18:00etatik aurrera, barazki brotxetak, lumagorri oilaskoa, bertako garagardoa, sagar zukua eta barrikotea dastatu ahal izango da Merkatu plazaren kanpoaldean –udaletxearen ondoan–. Jan-edanerako aukera ez ezik, ZarautzTrik eta Arrai Zopa taldeen musikaz gozatzeko aukera izango da bertan.
Elkarteak dio aurten ere baduela "zer ospatu eta zer aldarrikatu". Izan ere, elkartearen helburu nagusiak Merkatu plazako "dinamika hauspotzea" eta baserritar zein dendarien "lana ikusaraztea" izan dira, eta bide horretan "hamaika" ekimen antolatu dituzte. Hala nola saskiak, hitzaldiak, ekimenak, kanpainak eta abar antolatu dituzte denbora honetan.
Halaber, aurrera begira lanean jarraitzeko "konpromiso bera" agertu dute elkarteko kideek: "Gero eta saltoki erraldoi gehiago dauden herri honetan, gure izaeratik, gure txikitasunetik eta gertutasunetik asko daukagu eskaintzeko".