Zarauzko edota Zarautzen bizi diren harri jasotzaileak nagusi izan ziren atzo Abadiñon (Bizkaia). Harri Txikien Euskal Herriko Txapelketa eta Emakume Kintopekoena (21 urtez azpikoak) jokatu zituzten han atzo; Urola Kostako kirolariak gehiengo ziren parte hartzaileen artean (bostetik hiru gizonetan eta lautik hiru emakumeetan), baina kopuruan ez ezik, podiumetan ere erabatekoa izan zen eskualdekoen eta, bereziki, Zarauzkoen nagusitasuna, baita faborito nagusiak huts eginda ere.
Izan ere, min hartuta, aurreko sei txapelak jantzi eta harri txikietan aspaldiko urteetan jaun eta jabe izan den Mikel Lopetegi Urra-k ezin izan zuen atzo bere tronua defendatu. Urra gabe, Paulo Azpiazu Zarauzko bizilagun osintxuarrarengan zeuden jarrita begi guztiak, eta Azpiazuk ez zuen hutsik egin. 125 kiloko errektangularra, 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola altxatu behar izan zituzten lehiakideek, harri bakoitza hiru minutuko txanda bakarrean, eta guztira altxaldi gehien egiten zituenak jantziko zuen txapela. Azpiazu nagusi izan zen harri guztiekin: 31 aldiz jaso zuen errektangularra, 30 aldiz zilindroa, 18 aldiz kubikoa, eta 29 aldiz bola, txapela bereganatuz. Xabat Odriozola zarauztarra sailkatu zen bigarren tokian (28+29-18+27), eta Jon Gisasola Zelai V.a hirugarren (26+26+16+25). Iraitz Arruti zarauztarrarentzat, lehiakide gazteena, izan zen laugarren postua (26+25+17+20), eta Oskar Aguasentzat bosgarrena (21+24+16+21).
Kintopeko emakumeen txapelketan eskualdekoek osatu zuten podiuma. Maddi Gesalaga zarauztarrak bere lehen txapela jantzi zuen lehiaketa horretan; iazko irabazlea, Olaia Esnaola azpeitiarra, bigarren izan da aurten, eta Udane Ostolaza oriotarrarentzat izan da hirugarren postua. Eskualdeko hiruren arteko aldeak oso estuak izan ziren atzo Abadiñon. 50 kiloko zilindroa eta kubikoa altxatu behar izan zituzten harri jasotzaileek, hiru minutuko txanda bakarrean harri bakoitza, eta guztira jasoaldi gehien egiten zituenarentzat izan zen txapela. Zilindroan egon zen Gesalagaren garaipenaren gakoa: guztira 70 altxaldi lortu zituen zarauztarrak (44 zilindroarekin eta 26 kubikoarekin), 69 Esnaolak (41+28) eta 68 Ostolazak (41+27). Goitzeder Labandibar, laugarren lehiakidea, urrutixeago gelditu zen, 61 altxaldirekin (40+21).