Enpresa txiki eta ertainetan belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko programa sustatuko du UKUEk

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 16a, 12:00

Lanbidek sustatutako programa da LanMentoring, eta enpresetan belaunaldien arteko erreleboa errazteko helburuarekin sortu dute. Arreta berezia eskaintzen die negozioen arrakastarako kritikoak diren funtsezko postuei.

Lanbidek bultzatutako LanMentoring programa sustatuko du Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) eskualdean. Programa honen helburua enpresa txiki eta ertainetako plantilatan belaunaldien arteko erreleboa erraztea dela azaldu dute bere bultzatzaileek, arreta berezia eskainiz negozioen arrakastarako kritikoak diren funtsezko postuei.

Programak doako aholkularitza espezializatuko 50 ordu eskaintzen dizkie parte hartzen duten enpresei, "enpresetan metatutako ezagutza behar bezala transferitzen dela eta bertan irauten duela bermatzeko, iraunkortasuna eta lehiakortasuna indartuz. Programak enpresentzako administrazio-karga minimizatzen du, eta emaitza ukigarriak eskaintzea du helburu, gehienez ere sei hilabeteko epean".

10 eta 249 langile arteko enpresei dago zuzenduta, eta sektore estrategikoak lehenesten dituela gaineratu dute, "hala nola industria, industriarekin lotutako zerbitzuak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, elikadura, logistika eta handizkako merkataritza".

Parte hartzeko interesa dutenek UKUErekin jar daitezke harremanetan, 943-89 08 08 telefonora deituta, edo enpresa@urolakosta.eus posta elektronikoko helbidera idatzita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide