Edurne Atorrasagasti Legarra (Ermua, 1964) Zarautzen bizi da eta Mintzalagun egitasmoan eman du izena. Ama Gernikan jaioa, aita Bergaran, eta Edurnek 10 urte bete zituen arte, Ermuan bizi izan ziren, beste 2 anaia-arrebarekin batera. Ondoren, Donostiara joan ziren bizitzera, eta, orain, badira ia 30 urte Zarautzen bizi dela.
Txikia zinenean inguruan euskara entzuten zenuen?
Ez. Euskaraz ez zekien jende asko etorri zen bizitzera Ermura, industrian lan egitera. Haiek ez zekiten euskaraz eta eskolan ere, Eibarren, ez zen egiten. Francoren garaiaz ari gara. Egia da, dena den, gurasoek, euren artean, euskaraz egiten zutela, baina ez zeuden alfabetatuta eta gurekin, egoera zela eta, gaztelaniaz egiten zuten. Horregatik, batzuetan, euskarazko hitzen bat edo beste ere egiten ziguten; ez askorik.
Noiz erabaki zenuen euskarara gerturatzea?
Bada, batetik, familiarekin elkartzen ginen askotan eta haiek bazekiten euskaraz, baina guk ez. Horrek deseroso sentiarazten ninduen. Bestetik, beti gustatu izan zait euskara eta betidanik ikasi nahi izan dut. Hortaz, 21-22 urte nituenean, Ilazki euskaltegira joaten hasi nintzen, eta oso gustura aritu nintzen, liburuak-eta irakurtzen, adibidez. Maila pixka bat lortu nuen arren, ikasketa haiek eten egin behar izan nituen.
Baina itzuli zinen...
Hori da. Zarautzera bizitzera etorri nintzen eta senarrak eta biok euskaraz egin nahi genuen alabekin. Beraz, berriro hasi nintzen ikasten eta denon artean lortu genuen etxean euskaraz egitea. Alabek ikasketak ere D ereduan egin dituzte eta primeran moldatzen dira.
Senarrak bazekien euskaraz?
Gutxi gorabehera. Haien etxean ere, nahiko lan izan zuten euskaraz aritzeko. Eta deigarria da ama, 60-bat urte zituenean, berriz hasi zela euskara praktikatzen. Elizaren bitartez, lagun batzuk elkartu eta euskaraz solastatzen ziren.
Zer eman dizu Mintzalagun egitasmoak?
Duela urte batzuk, 5 urtez aritu nintzen talde batean eta astero-astero elkartzen ginen. Axun Iztueta zen bidelagun, Haydee Etxeberria eta Susana Tamayo ere etortzen ziren, Axunek asko zekien, asko hitz egiten zuen eta oso ondo bideratzen zituen saioak. Oso esperientzia polita izan zen eta gaur egun lagunak gara, noizean behin elkartzen gara.
Uste dut Mintzalagun egitasmoaren sistema oso baliogarria dela askatzeko.
Gaur egun zer harreman duzu euskararekin?
Egunero saiatzen naiz zerbait hitz egiten. Kontua da, dagoeneko, gaztelaniaz ezagutu duzun pertsona batekin, bat-batean, euskaraz egitea oso zaila dela. Bestalde, zenbaitetan, jariotasun edo segurtasun falta duzula pentsatzen du aurrean duzunak eta gaztelaniara pasatzen da.
Mintzalagunen hasieratik hasten zara, ez zaude baldintzatuta, eta bizitzan edo egunerokoan ez dituzun aukerak ematen dizkizu. Eskertzekoa da honelako zerbitzua izatea, laguntzeko prest dagoen jendea, zure antzeko sentitzen eta saiatzen den jendearekin elkartzea...