Natura aztertzea gustatzen zaio Kepa Zabalegi (Zarautz, 1943) Zestoako bizilagunari. Naturarekin lotura duten bilduma ugari egin ditu azken urteotan, eta oraingoan, 98 tximeleta espezie eta hainbat intsektu bildu eta ikusgai jarri ditu Zestoan. Alonderoko aretoan jarri du erakusketa, eta bihar arte egongo da zabalik, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Duela 45 urte hasi zen tximeletak biltzen bere anaiaren laguntzarekin. Ikastolako lanak egin ondoren, asteburuetan, horixe izaten zuten denbora-pasarik gustukoena, perretxikoak biltzearekin batera. Pixkanaka-pixkanaka tximeletak biltzen joan ziren, eta horien bildumak osatzen. Urte batzuk geroago, gordeta zeuzkan tximeleta haiek guztiak unibertsitateetako laborategietara eraman zituen, ikasleek azter zitzaten, eta oraingo erakusketa prestatzen ari zela, tximeleta haiek berreskuratzeko ideia otu zitzaion. Horrela, argazkiez gain, duela 45 urte bildu zituen eta kaxetan gordeta dauden tximeletak ere Alonderon daude. Zabalegiren esanetan, kaxetan dauden tximeleta guztiak ez dira Gipuzkoakoak. Ikasgela zientifikoetatik berreskuratu dituenez, Espainiako tximeleta batzuk ere badira tartean, nahiz eta gehienak Gipuzkoakoak izan.
Balioak transmititzeko
"Nire helburua natura zaintzea da, eta gaur egungo gazteei natura zaintzeak duen garrantzia helaraztea. Natura galtzen doa, eta guztion artean galera horri aurre egin behar diogu", azaldu du. Zabalegi kezkatuta dago ingurumenaren bilakaerarekin, eta bildumarekin naturak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du: "Natura nire bizitza da, beti nabil mendian naturaz gozatzen, baina, aldi berean, egoeraz kezkatuta nago. Erakusketaren helburua herritarrei hori transmititzea da".
Orain arte bere emaztearen laguntzaz baliatu da egin dituen bildumak osatzeko, eta egindako lanak txukun jaso eta dokumentatzeko. Oraingoan, ordea, berak bakarrik egin du ia guztia, bere emazteak tximeleten inguruan ezer gutxi baitaki. Hala ere, erakusketaren muntaian lagundu dio, eta orduak eman dituzte argazki bakoitza bere lekuan jartzen.
Naturaren arloko hainbat elkartetako kidea da Zabalegi; besteak beste, Aranzadikoa, Entomologiako Espainiako Elkartekoa, Aragoiko beste elkarte batzuetakoa... Han eta hemen topatutako informazioa eta albisteak erabiltzen ditu bildumetarako, eta elkarte horiekin harremanetan egoteak bidea erraztu egiten duela adierazi du.
Aurrera begira, bilduma gehiago egiten jarraitzeko asmoa du Zabalegik: "Ideia asko ditut; txorien bilduma egitea, esaterako. Adinean ere aurrera noa, eta nire azken bilduma zerbait handiagoa eta gazteentzat erakargarriagoa izatea gustatuko litzaidake".