Sateliteen aukerez eta erronkez jardungo du Iban Ameztoik ostiralean

Aitziber Arzallus 2024ko aza. 12a, 12:00

Sentinel 2 satelitea. (Utzitakoa)

Ingurumen Zientzietan eta Teledetekzioan aditua eta Europako hainbat ikerketa zentrotan ibilitakoa da zarauztarra. Arkamurka natura elkarteak Santa Marina kalean duen egoitzan emango du hitzaldia, ostiralean, 19:00etan hasita.

Ostiralean, hilak 15, Iban Ameztoi zarauztarrak sateliteen aukerez eta erronkez hitzaldia emango du Arkamurka natura elkarteak Zarautzen duen aretoan (Santa Marina kalea 2 zenbakian, bigarren solairuan), 19:00etan hasita. Astronomia eta ingurumena uztartuz, sateliteetatik lurra nola ikusten den azalduko, eta aztertzen dituzten alderdien inguruan ere jardungo du. Ingurumen Zientzietan eta Teledetekzioan aditua da Ameztoi, eta Europako hainbat ikerketa zentrotan ibilitakoa da. 

Zarauztarrak Goitik behera: sateliteen aukerak eta erronkak izenburua jarri dio ostiralearen emango duen hitzaldiari, eta XX. mendeko bigarren erdialdeaz geroztik, Sputnik 1 satelitea orbitaratu zutenetik, teknologia espazialak izan dituen eraldaketak izango ditu hizpide. "Lurraren ikuskatzearen inguruan, inoiz baino satelite gehiago orbitaratu dira azken hamar urteetan; eta horiek, adimen artifizialaren aurrerapenak direla medio, geure planetaren ulermen sakonagoa izatea ahalbidetu dute".

Helburuaren arabera, ezaugarri desberdinak izaten dituzte sateliteek ezaugarri desberdinak dituztela kontatuko du, eta horietan ere sakonduko du. "Besteren artean, orbitaren kokapenak, jasotzen duten uhin luzerak, duten tamaina eta pisuak, lurra irakurtzeko bereizmen gaitasunak eta abar. Horien baitan, ingurumenarekin erlazionaturiko aplikazio asko daude, eta hainbat dira ikusi eta aztertu ditzakegun fenomenoak: Kanada mendebaldeko suteak, Patagoniako glaziarren eboluzioa, Amazoniako basoen deforestazioa, Europako uholdeak, Afrikako ur masen aldaketak eta sumendi edota kostaldeen dinamikak, esaterako". Ameztoiren arabera, aipatutako horiek dira munduan hainbat ikerlarik, teknikarik zein analistek sateliteen bitartez jorratzen dituzten gaiak. Horiez eta etorkizunerako erronkez jardungo du ostiraleko saioan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide