Indarkeriaren eta terrorismoaren biktimak gogora ekarri dituzte Memoriaren Egunean

Intza Trula 2024ko aza. 10a, 15:30

Memoriaren Eguna da gaur, azaroak 10, eta horren harira ekitaldia egin dute eguerdi partean Arrosategi parkean. Herritarrak ez ezik, bertan izan dira udal ordezkariak ere.

Memoriaren Eguna da gaur, azaroak 10, eta horri lotutako ekitaldia egin dute 12:00etan Arrosategi parkean. Urtero legez, herritarrek eta udal ordezkariek indarkeriaren eta terrorismoaren biktimak gogoratu eta aitortu dituzte bertan.

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak hartu du hitza lehendabizi, eta euskaraz irakurri du oharra. Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia eta PSE-EE udal taldeko bozeramaileak egin du ondoren, gazteleraz. Txurrukak eta Illarramendik adierazi dutenez, "memoriak oinarrizko zutabea izan behar du indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etikoetan eta demokratikoetan, eta giza eskubideen defentsan, babesean berme eraginkorrean oinarritutako bizikidetza ereduan". 

Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak gogoan izateko elkartu dira beste urte batez, eta udal ordezkariek azpimarratu duten moduan, "biktimak ezin ditugu ahaztu, ez ditugu ahaztu behar, ez ditugu ahaztu nahi, memoria baita bermerik onena gertatutakoa berriro ez gertatzeko". Zera esaten jarraitu dute: "Gutako bakoitza biktimak ahaztu behar ez dituen gizarte baten parte gara, eta gizarte honen ordezkari garenok, gertatutakoa ahaztua ez izateko erantzunkizuna dugu. Biktimak dira indarkeriaren eta terrorismoaren min, sufrimendu eta bidegabekeria erradikalenaren ordezkari".

Amaitzeko, esan dute gaurko ekitaldian biktimak, herritarrak eta udal talde guztiak daudela ordezkatuta: "Espazio berean eta helburu berarekin: bizikidetza eta elkarbizitza indartu, motibazio politikoaren biktima guztiei gure elkartasuna helarazi eta egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea helburuen alde lan egiten jarraitu".

Aurten, bereziki, "desberdin pentsatzeagatik indarkeria jasan edo mehatxupean bizi izan diren biktimak" izan dituzte gogoan, "mehatxua gauzatu zitekeela eta erailiak izan zitezkeela zekiten pertsonak eta familiak".

Irakurketaren ostean bost minutuko isilunea egin dute, eta ekitaldia amaitzeko lore eskaintza eta Memoriaren Liburuan hausnarketak idazteko aukera eduki dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide