Nazioartean zabaldu ziren Zarauzko postalik argitsuenak eta liluragarrienak Joaquin Sorolla y Bastida margolariari esker izan ziren. Zuri-beltzeko antigoaleko erretratu haien aldean askoz erakargarriagoak eta bizipoza sorrarazten zutenak. Hondartza garbia, itsaso gardena, arropa zuriak eta eguzki horia. Begirada inpresionistarekin margotu zuen, gaitasun nagusitzat argiaren erabilera berezia zuela; batik bat, Mediterraneoko giroan.
Udaldian Euskal Herrian igarotzen zituen oporrak, eta Donostian egiten zuen egonaldia; Igeldoko magalean dagoen Villa Sorolla eraikinean, hain zuzen ere. Horrek bide eman zion 1910. urtean Zarautzera bertaratu, eta hainbat margo sail ontzeko: Bajo el toldo, playa de Zarautz (Toldopean, Zarauzko hondartza), Playa de Zarautz (Zarauzko hondartza), Bajo la sombrilla, en la playa de Zarautz (Eguzkitakoaren azpian, Zarauzko hondartzan), Maria en la playa de Zarauz (Maria, Zarauzko hondartzan) eta Sobre la arena, Playa de Zarauz (Hondar gainean, Zarauzko hondartza), besteak beste.
Bere ibilbideko unerik gorenean zegoen margolari valentziarra. Urtebete lehenago, izugarrizko arrakasta izan zuen New Yorken zabaldu zuen erakusketarekin, eta urtebete geroago, haren sona areagotu egin zen Saint Louis Art Museum eta Art Institute of Chicago zentroetan erakusgai jarri zituen mostrei esker.
Hala ere, Sorollak ez zuen galdu inoiz pintura sozialerako zuen konpromisoa, eta Zarauzko aristokraziaren kostaldeko udaldien, arropa argien eta eguraldi eguzkitsuen lekuko izateaz gain, ezkutuko barrunbeak ere ezagutu zituen. Horren polita ez zen Zarautzen barneratu eta irudikatu zuen. Dezente dira urte hartan margotutako halako koadroak: gehientsuenak taberna girokoak dira, eta argitasunari dagokionez, ilunak. Dramatismo handikoak, nolabait esateko.
Aurpegietarako interes hori nabarmena da serie ilun horietan, eta La tasca, Zarautz (Taberna, Zarautz) koadroan xehetasun hori nabarmen zehazten du. Taberna batean atseden hartzen ari diren bi gizon ageri dira, segur aski arrantzaleak; bata eserita eta bestea zutik, baina biak serio eta pentsakor irudikatuak. Kolore nota txikiz margotua dago, aipatu besteak bezala, izan ere, horrela azkarrago gauzatzen zituen margolanak, eta eszenak istant batean harrapatzeko aukera ematen zion.
Pertsonaia guztiak anonimoak dira, bat izan ezik: Bebedor vasco (Juan Angel) [Euskal edalea (Juan Angel)], alegia. Bisai gogorra duen adineko gizonezko baten erretratua da, pitxarra eskuan eta ardoz beteriko edalontzia mahai gainean. Zut dago, erne eta serio. Juan Angel da, baina hortik aurrera ezer gutxi gehiago argitzen du pertsonaiaz: ez bere abizenik, ez zein baserritakoa den... Anonimo bat izen batekin, berea ala Sorollak asmatua, batek daki.