Kreditu aldaketa onartu dute brigadaren eraikina garatzeko

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 8a, 10:00

Zarauzko udalbatza, urriko osoko bilkuran. (Gorka Eizagirre)

Exekuzio proiektua lizitaziora ateratzeko baliatuko du Zarauzko Udalak. EAJ eta PSE-EE udal taldeen babesarekin egin du aurrera aldaketak; EH Bildu abstenitu egin da.

Zarauzko urriko osoko bilkuran, zenbait dekreturen berri emateaz gain, bi gai nagusi onartu zituzten udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE udal taldeen aldeko botoekin; EH Bildu abstenitu egin zen. Alde batetik, 2024ko udal aurrekontuko KALD-00018 kreditu aldaketa onartu zuten, eta, bestetik, PSE-EE udal taldeak proposatutako haien talde barruko dedikazio eta ordainsarien aldaketa.

Kreditu aldaketari dagokionez, ondasun arrunten eta zerbitzuen gastuei 180.000 euro gehituko dizkiete. Udal idazkariak kopuruen berri eman ondoren, EAJren udal bozeramaile eta Hirigintza zinegotzi Garbiñe Oiarbidek kreditu aldaketaren zergatiaren nondik norakoak azaldu zituen. Uztaileko udalbatzarrean onartu zuten Irita-Amillubi eremuko plan orokorreko aldaketa, eta horren barruan, Amillubin 20 etxebizitza tasatu, 45 etxebizitza libre, autobus geltoki berria eta xextra azpian aparkaleku publikoa ezartzea. "Hori guztia garatu ahal izateko bigarren pauso bat garatzen ari da udala: birpartzelazioa, alegia", jakitera eman zuen.

Baina beste pauso garrantzitsu bat ere eman beharra dagoela gaineratu zuen Oiarbidek: "Amillubiko partzelan dago egun udal brigada, eta hortik mugitu beharko da, aipatutako gauza guztiak garatu nahi baditugu". Udal brigadaren eraikin berria egiteko oinarrizko proiektua landu du dagoeneko udalak, brigadakoekin elkarlanean, baina orain exekuzio proiektua egin beharra dago. Hain justu ere, horregatik proposatu zuten kreditu aldaketa, exekuzio proiektua lizitaziora ateratzeko.

"Beste bat gehiago"

Onartu berri den kreditu aldaketa urtean egin direnen artean "beste bat gehiago" dela salatu zuen EH Bildu udal taldeko kide Ion Arozenak. Irailaren 23tik orain artean, bi milioi euroko kreditu aldaketak egin direla nabarmendu zuen, eta gaineratu zuenez, "azken aldaketa bozkatu egin ahal izan da, baina gainerakoak ez". Horren zergatiaz galdetu zuen Arozenak: "Udal arautegiak dio aurrekontuaren %5 aldatzeko eskumena duela alkatetzak dekretuz, baina hori gainditzen duen momentuan udalbatzarrean erabaki behar dela. Herritarrei hori jakinaraztea inportantea dela iruditzen zaigu". Koalizioak adierazi zuen askotan aurrekontu aldaketen gaineko informazio askorik ez dutela jasotzen, eta gehiago zehaztea eskertuko luketela.

Amaitzeko, hausnarketarako ohartarazpen bat jarri zuten mahai gainean: "Udal aurrekontuak onartzen dira, baina, gero, gauzatzerakoan, aldaketa ugari izaten dira askotan. Urte batzuetan azaldu izan zaigu gerakinetik egingo direla proiektuak, eta beste batzuetan, berriz, proiektu jakin batzuk zehazten dira, baina horiei ezartzen zaien diru kopurua bukaeran bestelakoa izaten da". Hala, 2025eko udal aurrekontua prestatzerakoan arrakala horiek kontuan izateko eskatu zuen Arozenak.

"Dokumentu bizia"

EH Bilduri erantzunez, Hirigintza zinegotzi Oiarbidek ondorengoa esan zuen: "Aurrekontu bat dokumentu bizi bat da, eta kreditu aldaketak udal guztietan onartzen dira, ohiko figura baita. Beraz, aldaketak egin egiten dira, eta dagozkion forman". Horrekin batera, oposizioari adierazi zion saiatzen ari direla "ahal duten neurrian" informazio guztia helarazten.

Udalbatzarreko beste gai nagusiari erreparatuz, aurrerantzean Inaxio Illarramendi izango da PSE-EE udal taldeko bozeramailea eta erabateko dedikazioa izango du, 4.109,99 euroko ordainsariarekin hamalau hilabetetan. Gloria Vazquezek beste erantzukizun batzuk hartuko ditu, baina Parekidetasun saileko eta Eraztun Berde Urdineko ardurak izaten jarraituko du udalean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide