Maitena Usabiaga: "Bikote harremanen parte dira gatazkak; arazoei aurre egiteko moduan dago gakoa"

Intza Trula 2024ko aza. 6a, 09:30

Maitena Usabiaga, Zarauzko kanpinean. (Intza Trula)

Psikologoa eta sexologoa da Maitena Usabiaga (Zarautz, 1989), eta urteak daramatza pertsonen arteko harremanak ulertzen eta aztertzen. Bikote harremanez hitz egin du Gukastekan.

Zer da maitasuna?

Oso galdera zaila da, historia osoan zehar definitzen saiatu garena. Nik esango nuke beste pertsona batekiko duzun erreakzio edo sentimendu bat dela, eta sentimendu hori garrantzitsua dela zure bizitzan. Faktore askoren nahasketa da maitasuna, eta mila modu daude maitatzeko eta sentimendu hori bizitzeko.

Zertan dira ezberdinak gaur egungo bikote harremanak eta duela 50 urtekoak?

Garaiak aldatzen doazen moduan, formatuak ere aldatu egiten dira. Ikusgarritasuna aldatu egin da, eta aniztasuna esplizituagoa da gaur egun. Ez dakit sentimenduak edo erlazionatzeko moduak aldatu diren, baina hori guztia aurrera eramateko eta gauzatzeko baimena desberdina da orain. Duela 50 urteko bikote harremanekin alderatuta, beste errealitate bat da egungoa.

Erraza egiten zaio jendeari harremanen alde politaz hitz egitea; asko kostatu ohi da, ordea, arazoez hitz egitea. Umetatik saldu ohi diren maitasun istorio erromantikoek ba al dute zerikusirik horretan?

Umetatik saldu dizkiguten istorio horiek zerikusia dute, baina baita familia bakoitzeko sinesmenek ere. Trapu zikinek etxe barruan geratu behar dutela sinesten dugu oraindik ere, eta arazoen aurrean lotsatu egiten gara. Bikote harremanek onak izan behar dutela pentsatzen dugu, nahiz eta gero errealitatean ez den hori gertatzen. Gure bikote harremana gaizki egotea porrot bat bailitzan sentitzen badugu, normalena da arazoak gordetzea edota ezkutatzen saiatzea.

Halere, gero eta gehiago dira egoera onartu eta arazo horiei konponbidea bilatzeko asmoz profesional batengana jotzen dutenak.

Ikusi dugu ez gaudela ados duela 50 urteko harreman eredu horrekin, ez gaudela eroso hor, eta arazo horiek hitzez adierazten hasi gara. Terapeuta edota konpainia irudi hori presenteago dago orain gure bizitzetan, eta errazagoa da laguntza eske jotzea.

Nola jakin dezake bikote batek gatazka batek konponbidea duen ala ez?

Ez dago denontzako baliagarria den formularik, harreman bakoitzak baldintza ezberdinak baititu. Bikote harremanen parte dira gatazkak, eta arazoei aurre egiteko moduan dago gakoa. Harreman bateko kideen sufrimendua oso handia bada, ematen duzuna baino gutxiago jasotzen baduzu edota ez badizu ezer gehitzen ondokoak, estrategiaz aldatu beharko litzateke eta arazoari beste modu batera heldu. Norberak izan behar du arduratsua eta ausarta "honaino heldu gara" esateko. Lotura horiek askatzea da gauzarik zailena; errazagoa da, gaizki gauden arren, harremanarekin aurrera jarraitzea.

Zein dira harreman osasuntsu batek izan beharreko osagaiak?

Harreman bakoitzak bere osagaiak behar ditu. Hala ere, egiaztatuta dago harremanez erosotasunez hitz egiteko gaitasuna duten bikoteek arrakasta handiagoa dutela; "zer moduz gaude?", "zer moduz zaude zu?" eta "zer moduz nago ni?" galderak egiten dituztenek, harremana zaintzen dutenek eta aldaketen aurrean malgutasunez jokatzen dutenek, esaterako. Malgua izatea, harremanen inguruan hitz egitea eta elkar zaintzea arlo oso garrantzitsuak dira.

Bideo-elkarrizketa GUKAsteka Zarauzko astekari digitaleko azken zenbakian dago ikusgai. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide