Leire Ventas: "Lehia handienekoak izaten ari dira azken hauteskunde hauek"

Intza Trula 2024ko aza. 1a, 10:00

Leire Ventas BBCko kazetari zarauztarra. (Utzitakoa)

Heltzear dira AEBetako hauteskundeak. Asteartean emango dute boza han, eta Leire Ventas (Zarautz, 1981) BBCko kazetariak gertutik biziko du presidente berriaren hautaketa.

Lehenik eta behin, hauteskunde bezperan, zer-nolako giroa sumatzen da kaleetan?

Beste konturik ez da entzuten. Hauteskunde bereziak dira, ez bakarrik inkestek hautagaiak oso berdinduta erakusten dituztelako, emaitza dena delakoa ere, historikoak izango direlako baizik. Kamala Harris gailenduz gero, lehen emakumea izango da Etxe Zurian. Donald Trump, berriz, 2020ko bozak galdu eta gero, agintera itzul liteke. Oso berotuta dago giroa.

Kaliforniak normalean hautu demokrata egiten du; oso agerikoa al da Kamala Harrisen aldeko jarrera?

1992az geroztik, Kaliforniak (AEB) presidentetzarako hauteskunde guztietan hautagai demokrata babestu du, eta honetan ere hala izango den zalantzarik ez dago. Harris-Walz dioten kartelez josia dago Los Angeles, eta Harrisen kanpainak beste inon baino diru gehiago bildu du estatu honetan. Horrek ez du esan nahi Kalifornia osoa urdina –Alderdi Demokratarekin lotzen den kolorea– denik edo aldaketarik sumatzen ez denik. Badaude tradizionalki demokratak babestu arren orain botoa zalatzan jartzen duten taldeak.

Euskal Herriak Donald Trumpez duen irudia showman baten parekoa dela dirudi. Zer ikusten dute estatubatuarrek lider modura hautatzeko?

Trumpek erraz lortzen ditu titularrak. Baina hori baino harago, AEBetako gizartea ideologikoki oso zatituta dagoen gizartea da. Bi AEB daudela esan liteke, bi mundu ikuskera, eta horietako batek Trumpen ikusten ditu islatuta bere baloreak. Eta gero badaude Alderdi Demokratak huts egin diela sentitzen dutenak edo Trump agintean zenean ekonomikoki hobeto zeudela uste dutenak ere.

Zer iragartzen dute aurrez egindako galdeketek?

Puntu bakarreko aldea erakusten dute inkesta gehienek, %47-%48, eta baten batzuk berdinketa. Azken aldiko hauteskundeen artean lehia handienekoak dira hauek.

Hainbat kontu garrantzitsu daude jokoan hauteskunde hauetan: abortatzeko eskubidea, migrazio politikak, armak izateko eskubidea…

Harrisek eta Trumpek proposamen kontrajarriak dituzte gai horien inguruan, baina agindutakoa ez da beti betetzen. Bidenek, esaterako, migrazio sistema goitik behera aldatuko zuela esan zuen, baina, azkenean, Parlamentuaren babes falta medio, hartu dituen neurriak ez dira izan Trumpek bere agintaldian martxan jarri zituenen oso ezberdinak. Bestalde, azaroaren 5eko hauteskundeetan presidentea aukeratzeaz gain, beste hainbat kontu bozkatuko dute estatubatuarrek. Abortatzeko eskubidea estatu mailako konstituzioetan bermatuta gera dadin bozkatu ahalko dute hainbat estatutan, esaterako.

Ekonomiak ere asko kezkatzen ditu estatubatuarrak.

Tokian tokiko arazoez harago, oro har ekonomia da boto emaileak gehien kezkatzen dituen gaia. Inflazio altuagoko garaiak egon diren arren, motelaldia etorriko oten den mamua eta bizimodua garestiegia bihurtu den pertzepzioa dago.

Esango zenuke AEBetako jendartea kontzientziatuta dagoela politikoki? Ala bozkatzera joaten den herritarren ehunekoa ez da hain handia?

Herrialde hau oso zabala eta anitza da, kontinente baten neurrikoa. Badago kontzientzia politiko handia daukan jendea, horretan oso jantzia dena, eta badaude hautagaien izenez harago zer proposatzen duten esateko gai ez direnak ere. Eta beste edozein lekutan bezala, politika mainstream-az baino gehiago, eguneroko kontuez dago arduratuta jendea. Hori esanda, aurreko presidentetzarako hauteskundeetan (2020) %66koa izan zen parte- hartzea, inoizko altuena. Aldez aurreko botoari erreparatuta, aurten ere errekorrak hautsiko diren itxura dauka.

Jendea mobilizatzen ari al da hautagai baten alde edo bestearen alde? Hor, adibidez, pertsona publiko ezagunak (aktoreak, abeslariak, idazleak…) hautagai bakoitzaren aldeko kanpaina ere egiten du.

AEBetako politikaren berezitasunetako bat da hori. Batetik, botoa mobilizatzeko taldeak daude, hautagai baten edo bestearen aldeko kanpainentzat lan egiten dutenak. Eta, gero, pertsonaia publikoek ager dezaketen babes hori dago. Taylor Swift eta Bad Bunny Kamala Harrisen alde agertzea azaleko kontua dela pentsatuko du batek baino gehiagok, edo Elon Muskek zalaparta baino ez duela egiten Donald Trumpekin oholtzara igota. Baina alde handia lor dezakete AEBetakoa bezalako hauteskunde sistema batean. Giltzarri diren estatuetan lehiakideak baino milaka boto eskas gehiago lortuta irabaz baitaitezke bozak.

Nola alda dezake AEBetako norabidea hautagai baten edo bestearen garaipenak? Eta hortik abiatuta, nazioarteko politikan nolako eragina izan dezake?

Harrisek eta Trumpek diskurtso kontrajarria dute hainbat gaitan. Hautagai demokratak erdi-mailako klaseari eta langile klaseari zergak jaitsi eta aberetsenei zein korporazioei igo, abortatzeko eskubidea nazio mailan babestu eta klima aldaketaren aurkako politikak martxan jarri nahi dituela dio. Errepublikarrak, berriz, bere lehen agintaldiari jarraipena eman nahi dio, eta pandemiak eragotzi ziona lortu: zergak jaitsi, arantzelak igo, erregai fosilei bultzada eman eta boterea Etxe Zurian ahalik eta gehien kontzentratu.

Nazioarteko politikari dagokionean, Harrisek, bere aurrekari Bidenek bezala, AEBetan eta Israelen arteko aliantza babesten du, nahiz eta Gazan su etena eskatu eta bi estatuen aukeraren alde egin. Eta Trumpek, Alderdi Errepublikarrak beti egin izan duen bezala, Netanyahuri babes osoa eman dio. Han eta hemen zabaldu dituzte ideiak, baina aurrera nola atera ditzaketen zehaztasun handirik gabe. Asmoak lege forma nola har dezaketen jakiterik ez dago, adibidez. Eta hori da beste kontua: azaroaren 5ean Parlamentuko behe ganbera osoa eta goi ganberaren heren bat ere badaude jokoan. Horren emaitza ere erabakigarria izango da AEBek hartuko duten norabidearentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide