Leire Ruiz (Zarautz, 1992) zarauztarraren mihisea jendearen azala da, eta makillaje estetikoaz gain, karakterizazioa eta efektu berezien mundua ere jorratzen du egun. Azken asteotan, telebista saio baterako makillaje lanetan dabil zarauztarra, goizetik hasi eta ia gauera arte.
Makillajearen munduan lan egiten duzu gaur egun, baina noiz hasi zinen lanbidean murgiltzen?
Ez dut gogoan noiz hasi nintzen, baina haurra nintzenetik eduki dut makillajearekiko zaletasuna, baita zinema munduarekiko zaletasuna ere. Beti izan naiz zinemaren, telesailen, marrazki bizidunen eta abarren oso frikia. Gauza horiek ikustean, erronka txikiak jartzen hasi nintzen neure buruari, eta 7-8 urte nituenerako ekin nion gauza txikiak egiteari. Ezer jakin gabe hasi nintzen, eta nerabezarora heldu nintzenean, lagunek zera esan zidaten: «Leire, zuk badakizu honetatik bizi zaitezkeela, ez?». Ohartu nintzen zinemako zauriak-eta norbaitek egiten zituela eta makillajearen arloa lanbide bat zela; horrelaxe hasi nintzen.
Zer ikasi duzu gaur egun ogibide honetan aritzeko?
Arte Ederrak ikasi nituen aurrena, eta zinema mundua zela eta, Madrilera joan nintzen ondoren. Makillajea, karakterizazioa eta ile apainketa ikasi nituen han. Ikasketak amaitu nituenean beste zazpi urtez geratu nintzen Madrilen lanean.
Ezberdina al da telebista saio baterako makillajea egitea eta film baterako egitea?
Makillajearen munduan murgiltzen zarenean, hainbat gauza egiten jakin behar duzu. Jendeak eska dezake edertasunaren munduko makillaje bat; esaterako, pasarela baterako, ezkontza baterako, argazki saio baterako... Baina iristen da momentu bat non jendeak hildako baten makillajea eskatzen dizun: itota hil bada, kolore bat edukiko du azalak; erreta hil bada, beste bat... Eta hori guztia egiten jakin egin behar da.
Zuk egiten duzuna erakusteko, oso tresna garrantzitsuak izango dira sare sozialak.
Gaur egun Instagram, Tik Tok eta Facebook aplikazioak, gustatu edo ez gustatu, oso garrantzitsuak dira mundu honetarako. Lehen telebista zen garrantzitsua, eta orain sare sozialak dira. Zure lanak publikoari erakusteko balio dute, eta nik nire lanak aurkezteko erabiltzen ditut. Sare sozialak erabiltzeagatik, askotan atera zaizkit proiektu berriak. Gaur egun, halere, sare sozialetan faltsukeria handia dago; photoshopa existitzen da, eta batzuetan ez dakizu zer den egia eta zer gezurra. Horregatik, nahiago izaten dut nik bideoak igotzea, eta ez argazkiak.
Horrek ere eskatuko du bere denbora.
Azkenaldian iruditzen zait artista izateko dena egiten jakin behar duzula: bideoak editatzen, argazkiak ateratzen, argaziak editatzen... Dena egiten jakin behar denaren sentipena dut, baina, azkenean, moldatu egiten zara, hori baita dagoena. Inteligentzia artifizialak etorkizunen izan dezakeen garrantzia arazo bat iruditzen zait, eta dagoeneko artiston lanean eragiten ari dela esango nuke.