Andoni Egañak eta Aner Peritzek bertso saioa eskainiko dute azaroaren 15ean Santa Ana egoitzan

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 27a, 13:30

Bertso saioa eskainiko dute azaroaren 15ean Andoni Egañak eta Aner Peritzek Santa Ana egoitzan. (Lanku)

Bertso bira egitasmoa jarri dute abian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk. Horren barruan bertso saio batez gozatzeko aukera egongo da azaroaren 15ean, 17:00etan, Santa Ana egoitzan: Andoni Egañak eta Aner Peritzek jardungo dute bertsotan, hain justu.

Adin-adin egitasmoari lekukoa hartuko dio aurten Bertso birak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk bertsoak adinekoen egoitzetara eramateko sortu duten egitasmo berriak. Haren helburua "bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea, euskal kulturaren adierazpenik garrantzitsuenetako bat dela kontuan izanda" da, programaren sortzaileen arabera.

Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuaren iritziz, bertsolaritza oso tresna indartsua da adinekoen emozioekin konektatzeko, "gure hizkuntzari eta nortasunari lekua emateko. Saio hauek entretenimendua eskaintzeaz gain, musikaren eta bertsoen bidez oroitzapenak eta bizipenak aktibatzen laguntzen dute, eta hori oso onuragarria da egoitzetako erabiltzaileen ongizate emozionalerako eta kognitiborako", azaldu du.

Ekimenak urte hauetan arrakasta izan duela nabarmendu dute haren sustatzaileek, eta saio hauek hartzeko gero eta egoitza gehiago aurkeztu direla ere azpimarratu dute. Hala, datozen asteotan 30 saio egingo dituzte lurraldeko egoitzetan.

Zarautzen azaroaren 15ean, 17:00etan, jarri dute hitzordua, Santa Ana egoitzan. Hain zuzen ere, Andoni Egaña eta Aner Peritz bertsolariek eskainiko dute saioa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide