2025ko udan bukatuko dituzte Urtetako zabortegia zigilatzeko obrak

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 25a, 11:00

UKUEko lehendakari Ion Arozena azalpenak ematen, Urtetako bizilagunen aurrean. (UKUE)

Urola Kostako Udal Elkarteak obren aurrerapenen berri eman zuen asteazkenean, Urtetako auzo elkartean. Bizilagunek interes handiz jarraitu zuten bilera, eta hondakinen tasa ez ordaintzearen gaia ere eraman zuten mahai gainera.

Urtetako zabortegian egindako azken obren inguruko xehetasunak azaltzeko informazio bilera egingo zuen Urola Kosta Udal Elkarteak (UKUE), asteazkenean, auzoko elkartean. UKUEko lehendakari Ion Arozena aritu zen zehaztapenak ematen, eta gaiak interes handia piztu zuen bertaratu ziren bizilagunen artean. Saioan zehar, Urtetako auzokideek ere parte hartzeko aukera izan zuten, beraien eskaerak eginez eta zalantzak azalduz udal elkarteari..

Hamar urte beteko dira abenduan, UKUEko Zuzendaritza Batzordeak hala erabakita, Urtetako zabortegia itxi eta zabortegiko lurrak berreskuratzeko nahiz eremu natural bihurtzeko obrak hasi zituztenetik. Harrezkero, zabortegiaren eremuko zigilatze lanak egiten aritu dira, eta Arozenak bileran jakinarazi zuenez, 2025eko udako obrak amaitzeko moduan izango dira. Urtaroa amaitu aurretik izatea espero dute, baina, horrelako kasuetan, eguraldiak eragin zuzena izaten duenez, epeak aldatu daitezkeela zehaztu dute.

Gaur egun zeuden egiturak kendu egin dituzte zabortegi eremutik, eta datozen hilabeteetan, proiektuan aurreikusitako forma emango diote guneari: lurra ekarriko dute lan hori burutzeko. Behin forma emanda, geosintetikoen geruzak ezarriko dituzte, egonkortzeko eta drainatze sareak ondo bideratzeko. Ondoren, berriz ere lur mugimendua egongo da azken geruza jartzeko.

Behin zabortegia zigilatu eta obrak amaitzean, araubideak hala zehazten duenez, zaintza eta mantentze lanak egingo dira 30 urtez gutxienez, zabortegiak ingurumenari kalterik egiten ez diola bermatzeko eta ingurua berreskuratzen joateko.

Prozesua honek guztiak ia bost milioi euroko aurrekontua izango du, eta Urola Kostako Udal Elkarteak ordainduko du urteetan zehar osatu duen diru funts batetik.

Auzokideen eskaera

Zabortegiak sortutako eragozpenak (kamioien mugimendua, usaina, arratoiak…) direla eta, Urtetako auzokideek, auzokideak hondakinen tasa ordaintzetik salbuesteko eskaera egin zuten 2018an, eta UKUEko Zuzendaritza Batzordeak obrak amaitu bitartean salbuetsiak izateko erabakia hartu zuen. Udan obrak amaitzen direnean, egoera arruntera itzuliko dira: 2026tik aurrera, gainontzeko herritarrei bezala, dagokien tasa kobratuko zaiela jakinarazi zien asteazkeneko bileran Ion Arozenak.

Bizilagunek, ordea, kontrako iritzi argia adierazi zuten. Haien esanetan, ez daude ados erabakiarekin. Izan ere, oraindik ere zabortegiko eragozpenak nozitzen dituztela argudiatu zuten. Horren aurrean, UKUEko lehendakariak gaiaren inguruan lasai hitz egiteko eta adostasun batera iristeko deia luzatu zien bizilagunei.

Era berean, egungo hondakinen bilketa sistemaren inguruan dituzten beharren inguruan ekarpenak egiteko animatu zituen lehendakariak, "auzoaren ezaugarriak kontuan izanik, ahalik eta zerbitzurik egokiena jaso dezaten bertako bizilagunek".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide