Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaritzak memoria historikoa berreskuratzeko lanean, 36ko gerrak euskal herritar askoren sufrikarioa izan zen erbestealdiaren testigantza grafiko garrantzitsua jaso eta Zarauzko Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan jarri du erakusgai. Federico Gonzalez euskal borrokalariaren funtseko argazkiek eta dokumentuek hartu dute aretoa, orain artean beste inon ikusi gabeak, eta Odisea 1937 izenburua jarri diote, Euskal Herria utzi eta beste herrialde batzuetan babesa bilatu behar izan zutenen istorioa azaltzeko eta ez ahazteko.
Atzo arratsaldean inauguratu zuten, eta bertan izan ziren Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, Zarauzko alkate Xabier Txurruka, Federico Gonzalez zenaren semea eta erakusketako komisario izan diren Aitor Miñambres eta Mauro Saravia. Azken biek bisita gidatu zuten, hainbat azalpenekin, eta Federico Gonzalez semeak ere zenbait xehetasun gaineratu zituen.
1937ko udaberrian euskal errefuxiatuak ebakuatu zituen Habana lurrunontzia –ondoren, gerrako zaurituentzako ontzi-ospitale bihurtua–, non paziente asko Ilbarritzeko (Bidarte, Lapurdi) La Roseraie hotel-ospitalera bidali zituzten. Bertan izan ziren errefuxiatuen argazkiak ikus daitezke, taldeetan, makuluekin, hondartzan, mendian... baita erizainak eta medikuak ere. Irudien aldamenean, gainera, haien izen-abizenak.
Ongi dokumentatuta
"Balio handiko" erakusketa dela nabarmendu zuen Eider Mendozak, eta "oso ongi dokumentatuta" agertzen da, argazki eta agirien bidez. Etxeko ganbaran gordeta edukitzetik jendaurrean jarri dute erakusgai Federico Gonzalezen ondarea, eta horretarako, ikerketa lan garrantzitsua egin dela gogorarazi du ahaldun nagusiak.
"Honekin guztiarekin, gure memoriaren zati oso inportantea ezagutaraztea lortzen dugu. Honekin osatzen dugu gure historiaren parte bat, eta seguru gaude gehiago osa daitekeela beste testigantza eta irudi batzuekin", zehaztu zuen. Bide batez, eskaera egin zien herritarrei halako materialik izanez gero, haiekin harremanetan jarri eta, hartara, "memoria historikoaren puzzlea osatzen" laguntzeko.
Bestetik, egun funtzionamenduen jarraitzen duen La Roseraie hotelak eta Bordeleko Habana ontziak bete zuten "funtzio soziala" azpimarratu zuen Mendozak. "Hori aski ezezaguna da gure herrian. 120.000 lagunek alde egin behar izan zuten 1937ko udan, eta kontuan hartzekoa da ihes egindakoak nola artatu ziren eta Euskal Jaurlaritzak berak erbestean egonda zer-nolako lana egin zuen", gaineratu zuen.
Oroimena presente
Federico Gonzalez semea eskertuta agertu zen erakusketa zabaltzea posible egin duten guztiekin. "Nire aitaren historia oso xumea da, beste edozein herritarrena bezalakoa da, baina horrek ez du esan nahi gertatutakoa ahaztu behar denik. Urteak igaro diren arren, haien seme-alabak eta bilobak hemen jarraitzen dugu, eta haien oroimena presente edukitzeko erantzukizuna dugu", aditzera eman zuen Gonzalezek.
Aitor Miñambres eta Mauro Saravia komisarioek atondu dute erakusketaren egitura eta narratiba guztia. Saraviaren esanetan, "Federico Gonzalez aitak egin zuen dokumentazio lanari balioa ematea izan da gure zeregina". Miñanbrek, bere aldetik, herritarrak gonbidatu zituen erakusketa bisitatzera, izan ere, "haien amona, aitona edo ahaideren bat topa dezake argazki zahar hauetan". Komisarioak gogoratu zuen argazkiok estreinakoz jarri direla erakusgai, eta "osagarri dira gure gertuko historia osatzeko".
Miñambrek eta Saraviak Odisea 1937 erakusketari buruzko hitzaldia eskainiko dute, Gela programaren barruan, Protomuseumen bertan. Hitzordua azaroaren 15ean izango da, 18:00etik aurrera, doako sarrerarekin; beti ere, edukiera bete arte.