Urtero bezala, udazkena iristearekin batera, itsasoak hondarretara eramandako hondakinak jasotzeko kanpaina antolatu du Zarauzko Udaleko Ingurumen departamentuak, Eraztun Berde Urdinarekin, Mater ontzi museo ekoaktiboarekin eta garapen jasangarrirako hamalaugarren helburuarekin –itsaspeko bizitza– lankidetzan. Igandean egingo dute itsas hondakinei buruzko sentsibilizazio jardunaldi nagusia, goizean hasi eta eguerdira bitartean, malekoiko Dama parea elkargune bihurtuta.
Ohi bezala, hiru ekintzatan banatuko dute jardunaldia. Lehenik eta behin, hondakinak bilduko dituzte hondartzan, 09:30etik aurrera, eta jarraian, 11:00 aldera, itsas hondakinen eta mikroplastikoen analisiak egiteko aukera izango dute herritarrek. Egitasmoari aldarri ludotikoa emate aldera, Bio eta Zabor izeneko itsas erraldoien kalejira egingo dute, 13:00 inguruan, malekoitik abiatu eta herriko kaleetan barrena.
Aurrez izena
Igandeko jardueretan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, parte hartzea mugatua delako. Beraz, interesa duten herritarrek zarautz@eraztunberdeurdina.eus posta elektronikora idatz dezakete, edo, bestela, 943-00 51 59 telefono zenbakira deitu.
Zarauzko Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezen arabera, ekintza «polita» izango da eta adin guztietako herritarrei zuzenduta dago; lantaldean aritzeko pentsatuta dago jarduera. Jardunaldiaren helburu behinena da gogoeta egitea itsas hondakinek nahiz mikropastikoek itsasoetan sortzen dituzten kalteen eta arazoen inguruan.
Bestalde, Ingurumen sailak antolatutako klima aldaketari buruzko parte hartze prozesuaren barruan, Zure ahotsa martxan, utzi zure proposamena ekintza abiatu dute, eta proposamenak jasotzeko gune bat ere jarriko dute malekoian. Gisa horretan, herritarrak animatu nahi dituzte beren ekarpenak partekatzera, Zarauzko aldaketa klimatikoari buruzko plana osatzeko. «Guztioi eragiten digu klima aldaketak eta guztiok daukagu zer esana», zehaztu du Vazquezek.
Ikasleak ere bai
Igandeko jardunaldiaz gain, Zarauzko ikastetxeetako ikasleak –Lanbide Heziketakoak, DBHkoak eta Batxilergokoak– ere hasi dira Zarauzko Udalak udazkenero eskaintzen duen Mikroplastikoak hondartzan unitate didaktikoa lantzen. Era berean, astean zehar, txandaka, hondartzan izan dira mikroplastikoak biltzen eta aztertzen, Materren eskutik.
Orain martxan dena ez da Ingurumen sailak urte honetarako antolatutako lehenengo kanpaina. Adibidez, Ingurumenaren eta Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jardueren artean, itsas zaborrei eta mikroplastikoei buruzko sentsibilizazio saioa egin zuten ekainean, Materren laguntzarekin. Aipatu elkarteko bi ordezkariren gidaritzapean, hainbat jarduera egin zituzten malekoian. Hondakinek itsasoari zenbateko kaltea eragiten dioten azaltzeaz gain, mikroplastikoak biltzen eta arazten aritu ziren, baita zigarrokinak jasotzen ere.