2024-2027 aldirako Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea, onartuta

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 16a, 12:30

Zarauzko Udaltzaingoaren egoitza berria izango dena. (Aritz Mutiozabal)

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin egin du aurrera planak. EH Bildu abstenitu egin den arren, "jarrera erakitzailea" erakutsi du. APKF Attest enpresa arduratuko da plana egiteaz.

Zarauzko Udaltzaingoaren 2024-2027 Plan Zuzentzailea gauzatzeko proiektua onartu zuten udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdietako udal taldeek iraileko osoko bilkuran; EH Bilduko ordezkariak, aitzitik, abstenitu egin ziren. PKF Attest enpresari esleitu zioten plan estrategikoa definitzeko proiektua, Udaltzaingoaren antolamenduari buruz hausnartzeko, atzemandako beharrei irteera emateko eta aurrera begirako erronkei aurre egiteko.

Hori horrela, 2021tik 2023ra bitartean proiektuak osatzen aritu zen aipatu enpresa, eta horretara 14.940 euroko aurrekontua bideratu zuen udalak. 2021-2023ko plan zuzentzailearen helburua zen herritarren bizikidetza eta segurtasuna bermatuko zuen polizia bat izatea, herritarrekiko hurbila, Zarautz herri egokia izan dadin bizitzeko, lan egiteko eta bisitatzeko. Horretarako hiru erronka zehaztu zituzten: eraginkortasuna, gertutasuna eta mugikortasun jasangarria. Urte horietan eraginkortasuna eta mugikortasuna landu zituzten, eta gertutasunaren barruan dauden helburu estrategikoei garrantzi handiagoa eman zieten.

2023an, plan estrategikoa bukatu bazen ere, hainbat helburu landu gabe geratu ziren, eta, ondorioz, datozen urteetan plana garatzen jarraitu nahi dute, bi helburu nagusirekin: landu gabeko erronkak betetzea eta herritarrek bizikidetza edo segurtasun arazo bat dutenean gertuko eta erreferentziazko polizia edukitzea, prebentzioan eta jasangarritasunean arreta jarrita. Ondorioz, 2024-2027 plan zuzentzailea gauzatzeko lana PKF Attest enpresari esleitu diote beste behin, 14.963 euroko zenbatekoarekin.

Armen erabilera

Abstentzioarekin "jarrera eraikitzailea" erakutsi nahi izan zuen EH Bilduk. Izan ere, aurrera begirako erabakietan parte hartu nahi du, "Udaltzaingoaren ereduan zer hobetu handia" dagoela irizten diolako. Koalizioaren bozeramaile Itziar Muruak kezkagarritzat jo zuen, hainbat arrazoirengatik, plan berria "aurrekoaren jarraipen" bezala aurkeztea. "Alde batetik, egora asko aldatu da Eusko Jaurlaritzak Polizia Legearen bidez Udaltzaingoan armak ezartzera behartu duenetik. Bestetik, Zarauzko Udaltzaingoaren egungo ereduaren arazo garrantzitsuak konpontzeko asmo handirik ez du agertzen udal gobernuak plan honetan", nabarmendu zuen. "Herritarrengandik gertu" dagoen eta "prebentzioa oinarri" duen Udaltzaingoa nahi du EH Bilduk, baina "armen erabilerak ez du horretan laguntzen, ezta gaur egungo kontratazio sistemak ere". Ildo horretatik, EAJk defendatzen duen eta plan berrian txertatu duten Arkautiko kontratazio sistema bateratua "guztiz desegokia" dela uste du. Horren ordez, herrian bertan kontratatzearen alde dago EH Bildu. Horrek "eragin positiboa" izango lukeela uste du udaltzainen egonkortasunean; "horrek sendotu egingo luke udaltzainen herriarekiko konpromisoa, ezagutza eta euskararen jakintza".

"Epailearen erabakia"

Gervasio Gabirondo Herri Segurtasuneko zinegotziak argi zuen udalbatzarrean onartutakoa plan estrategikoa dela, eta ez dela "itxia" inolaz ere: "Bertan zehazten dira zer gai aztertu eta jarri nahi diren martxan". Bestalde, esan zuen armak erabiltzea ez dela udal gobernuaren nahi bat, "epailearen erabakia" baizik. "Epailea, gainera, gainean dugu udaltzainak armak erabiltzen ari ote diren jakin nahian". Dekretuak alkatearen esku uzten du armak zenbateraino erabili zehaztea, eta hori egiteko nahiz aztertzeko dagoela azpimarratu zuen Gabirondok. EAJren bozeramaile Garbiñe Oiarzabalek berretsi zuen udalak "konpromisoa" duela "herritarrekin Udaltzaingoa hobetzeko», eta horretan jarraituko duela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide